Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak arrantzaren eta akuikulturaren sektorerako laguntzen deialdia ireki du, arrantza jasangarria sustatzeko, ekonomia urdina bultzatzeko eta uretako baliabide biologikoak berreskuratzeko, besteak beste. Programaren zuzkidura 13.358.952 eurokoa da, eta diruz lagundu daitezkeen gastuen %50 eta %90 artean emango da.
Deialdiaren oinarriek jasotzen dutenaren arabera, diruz lagun daitezkeen inbertsioak eta gastuak kontratatzen, finantzatzen edo gauzatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek, ondasun-erkidegoek, arrantza-sektoreko ekoizleen elkarteek, arrantzaleen kofradiek eta horien federazioek eta erakunde zientifiko edo teknikoek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek.
Programaren xedea da arrantzak itsas ingurunean duen eragina eta harrapari babestuen inpaktua murriztea, bazterkinak eta harrapaketa osagarriak pixkanaka ezabatzen laguntzea eta itsas baliabide biologiko bizien ustiapen jasangarria lortzea, gehieneko errendimendu jasangarria lortu ahal izateko.
Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak honako helburu hauek dituztenak izango dira: arrantza-jarduerek ingurumenean dituzten ondorioak murrizten dituzten metodoak, ezagutza teknikoak edo antolakuntzakoak garatzea eta sartzea, bereziki arrantza-teknika hobetuen eta aparailuen hautakortasunaren bidez, edo itsasoko baliabide biologikoen erabilera iraunkorragoa eta babestutako harrapariekin batera egotea lortzea helburu dutenak.
Diruz lagundu ahal izateko, aitortutako erakunde zientifiko edo teknikoek garatu behar dute proiektua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Eragileen Erregistro Publikoa sortzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuarekin bat etorriz. Horiek eragiketan lortutako emaitzak baliozkotu beharko dituzte.
Proiektuekin batera jarraipen zientifikoa egin beharko da, emaitza esanguratsuak lortzeko, eta emaitza horiei buruzko txosten teknikoak egin beharko dira, jendeak eskuratu ahal izan ditzan. Helburu zientifikodun arrantzatzat hartzen ez diren eragiketak, hau da, arrantza-tresna edo -teknika berriak probatzea, esleitutako arrantza-aukeren mugen barruan egingo dira.
PARTIDAK
Laguntzen zenbatekoa 13.358.952 eurokoa izango da; horietatik 9.351.266 euro Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsari (FEMPA) dagozkio, eta 4.007.686 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei.
Guztira 4.108.952 euro 2025eko ekitaldiko ordainketa kredituak dira, beste 6.250.000 euro 2026ko ekitaldirako konpromiso kredituak, eta 3.000.000 euro 2027ko ekitaldirako konpromiso kredituak.
Laguntzak diruz lagundu daitezkeen gastuen %50etik %90era bitartekoak izango dira. Puntuazioa ematerakoan kontuan hartuko diren alderdien artean daude programaren AMIA estrategiari eta jarduera motari egindako ekarpena, emaitza-adierazleei egindako ekarpena eta plan eta programei egindako ekarpena.
Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak edo gastuak 2025ean hasita egon beharko dira, eta 2027ko abenduaren 31n amaitu beharko dira. Eskabideak aurkezteko epea abenduaren 1ean amaituko da.