Telelana behar den bezala ez dela garatu uste du. Eta enpresek eskaini izan dutenean, egoerak behartuta askotan, langileen eskubideak urratu dituztela dio Lopetegik. Horrez gain, telelana eskubide mugatua dela uste du, lan presentzial ordezkaezinak oraindik ere pisu handia baitu gurean. Datuen arabera, % 25ek egin dezake lan bere etxetik, baina orain arte % 13,5ek baino ez du egin eta gaur egun % 5-6 inguru omen dira.

Zertan geratu da, pandemiaren ondoren, telelana Gipuzkoan, eta zer espero dezakegu etorkizunean? 

- Pandemiaren momentu gordinean inolako arauketarik gabe, Telelanaren boom bat bizi izan genuen. Estatuko Gobernuak gai hori lantzen zuen dekretu bat atera zuen, baina oso orokorra zen, eta gai zehatz gehienak eremuz eremuko negoziaketetara bideratzen zituen. Egoera horretan egon zen jende gehienak izugarrizko zailtasunak izan zituen telelana egoki burutzeko, baita etxean zituen zaintza eta bestelako lanak egiteko ere. Lan eskubide asko urratu zitzaizkien. 2021. urtetik aurrera telelanaren erabilera asko jaitsi bada ere, badaude telelanak garrantzia handia duen sektore konkretu batzuk; telemarketing edo bulegoak esaterakoa. 

Behar bezala garatu da? Enpresen papera, administrazioaren papera eta langilegoaren papera ere aztertzea nahiko nuke telelanaren inguruan.

 -Ba egia esan, orokorrean ez da behar bezala garatu. Administrazioak gaia arautu zuenerako berandu zen dagoeneko, eta gainera Madrilen arautu zen. Eusko Jaurlaritzak, bere langile propioarentzat izan ezik, ez zuen arauketa orokorrik egin. Madriletik etorri zen dekretua oso lausoa zen, eta gauza gehienak enpresa eta langileen artean adosteko uzten zituen, bien artean indar oreka bat existituko balitz moduan, enpresek inposatzeko botere osoa dutenean.

 Eta ez oreka hori ez da existitzen?

 -Enpresak oro har ez ziren saiatu adostasunak bilatzen langileekin: eurentzat kosturik ez zuen telelana bilatzen zuten, langileen lan jardunaldia kasu askotan luzatu egiten zela kontziente izanik. Egoera horren aurrean langileak eskubiderik gabe, inposaturiko baldintzetan lan egitera behartuak zeuden. Gure aldetik, LABek eta ELAk elkarrekin Confebask patronalari telelanaren inguruko arauketa zuzenago bat lortzeko akordio proposamena egin genion, baina Confebask ez zegoen akordioetarako, ezezkoa erantzun zigun. 

Lurralde industriala izanik ere, telelanak, badirudi, muga garrantzitsua izan dezakeela gurean. Horren inguruko erreflexioa?

 -Lan presentzial ordezkaezina duten lan postuek momentu honetan ez dute telelana egiteko inongo aukerarik. Arlo industrialean bulegoetako lanpostuek bakarrik edukiko lukete telelana egiteko aukera. Baina beste sektore askotan ere berdina gertatzen da. Zerbitzu askotan, garbiketan, hezkuntzan, zaintzan, osasungintzan... Oso mugatua den aukera bat da telelana. 

“%100ean telelana egiteak ondorio larriak ditu: adibidez, isolamendua, indibidualizazioa…”

Zuen ustez, euskal langilegoak nola ikusten du telelana? Eskatzen du? Formula hibridroak nahiago, tokian lan egitea edo telelana egunero nahiago?

 -LABen telelan eredua hibridoa izango litzateke, hau da telelana lan presentzialarekin ere uztartuta. %100ean telelana egiteak ondorio larriak ditu: adibidez isolamendua, bakardadea, indibidualizazioa... Langile askok telelana beraien lana eta dituzten beste hainbat ardura uztartzeko modu gisa ulertzen du, baina esan beharra dago telelanak ez duela hori bermatzen bere horretan, arauketa zorrotz bat beharko lukeela hori errealitatea bihurtzeko.

 Gazteek gehiago eskatzen dituzte formula hauek?

 -Guk dakigula ez dago ikerketarik honen inguruan. Langileen beharren eta aukeren arabera eskatzen den eredu bat da, ez hainbeste adinarekin lotuta.

 Eskubide bat izan beharko luke, telelana egiteko aukera duen langilearentzat?

 -Guk horrela formulatu genuen Confebaski egin genion proposamenean. Hau da, telelana egiteko aukera duten lanpostuak zehaztu beharko lirateke enpresaz enpresa, eta langile horientzat eskubide bat izan beharko litzateke, beti ere arauketa zehatz eta zuzen batekin (ordutegia, deskonexioa, lan presentzialarekin uztartzea, gastuen ordainketa, lankideekin harremana bermatzea, ...). Beraien lanpostuen izaeragatik telelana egiteko aukerarik ez dagoen kasuetan, langile horientzat beste formula batzuk bilatu beharko lirateke, telelan arautuak ekar dakizkiekeen onura horiek beste modu batean izateko.