Espainiako ekonomia %1,4 haziko da 2023an Europako Batzordearen kalkuluen arabera, udazkeneko iragarpenak iragartzen zuen %1 baino lau hamarren gehiago, eta hazkundearen aurreikuspen hori %2ra igo dute 2024rako.

Aurreikuspenekin alderatuta, 2022rako hazkundea ehuneko puntu 1 handiagoa izan zen, %5,5ekoa. Lehen seihilekoa oso sasoikoa izateari egotzi dio hori Bruselak, batez ere 2022ko bigarren hiruhilekoari, baita azken hiruhilekoko dezelerazio ez hain nabarmena izateari ere.

Espainiako inflazioaren aurreikuspena ere %4,4raino murriztu du ekitaldi honetarako, azaroan 2023rako Bruselak iragarritako jaitsiera baino lau hamarren gutxiago, eta 2024rako %2,3ko murrizketa-aurreikuspenari eutsi dio.

Kopuru hori, gainera, Europar Batasuneko inflazio-iragarpenaren azpitik dago, 2023an Europar Batasun osoan %6,4ra jaistea aurreikusten baita –aurreko %7ko aurreikuspenaren aldean–; 2024an %2,8ra jaistea espero da, azaroko aurreikuspenak baino bi hamarren beherago.

Paolo Gentiloni Europako Ekonomia komisarioak atzo nabarmendu zuenez, EBko ekonomiak” sasoi onean” dagoela erakutsi du, datorren urterako aurreikuspenak gaindituz.

Nolanahi ere, horrek ez omen du esan nahi, nahitaez, “aurreikuspen onak” izango direnik, europarrek garai “zailak” pasa beharko dituztelako, Errusiak Ukrainari egindako eraso-gerrak eta tentsio geopolitikoek eragindako “haize kaskalak” gobernatzen.

“Azken hiru urteetako erabakitasun eta anbizio bera erakutsi beharko dugu, aurrean ditugun erronkei erantzun bateratuak eskainiz”, azpimarratu zuen prentsaurrekoan; azken hilabeteotan EB erronkei bat eginda aurre egiteko gai izan dela berretsiz.

Gobernu zentralak energiaren prezio altuen eragina arintzeko ezarri dituen neurriei esker, inflazioaren ondorioak partzialki arintzea espero da.

BEZaren murrizketak

Neurri horien artean, 2022ko udazkenean hartutako zenbaiten luzapena balioetsi du Bruselak; esate baterako, elektrizitatearen eta gasaren BEZaren murrizketak, edota joan den abenduan aurkeztutako neurri-sorta berria, non etxe kalteberen-tzako elektrizitate-fakturetan deskontu-bonu gehigarri bat eta elikadura-produktu askoren BEZaren murrizketa barne hartzen diren.

Neguko aurreikuspenetan 2023rako adierazten zen hazkundea, %0,8koa EBn eta %0,9koa eurogunean, ehuneko 0,5 eta 0,6 puntu handiagoa da, hurrenez hurren, udazkenean aurreikusitakoa baino.

Aldiz, 2024rako hazkunde-tasa ez da aldatu, %1,6an eta %1,5ean mantendu da EBrako eta eurogunerako, hurrenez hurren, eta ekoizpen-bolumena udazkeneko aurreikuspenek erakutsitakoa baino ia %1 handiagoa izango omen da.

Ekonomiaren ezohiko nahasmenduak gorabehera, udazkeneko aurreikuspenetan Bruselak ohartarazten zuen laugarren hiruhilekorako uzkurtzea ekiditea lortu du EBk, 2022ko urteko hazkunde-tasa %3,5ekoa izan baitzen, bai EBn, baita eurogunean ere.

Inflazioa baretu egin da orokorrean Europar Batasunean, Estatuan baino apalago bada ere.