- Iberdrolak 500 milioi euro gehiago inbertituko ditu 2024ra arte Espainian sare elektrikoak digitalizatzeko. Horietatik heren bat Europako funtsetatik dator, eta enpresak atzo jakinarazi zuen 2.600 milioi inbertitzeko konpromisoa hartu duela. Erabilitako Europako funtsen helburua da sareak digitalizatzeko proiektu berritzaileetan eta sarbide publikoko ibilgailu elektrikoa kargatzeko azpiegituretan inbertsioak sustatzea.

Inbertsio berri horren proiektuei esker, 6.000 enplegu baino gehiago sortuko dira Espainian sare elektrikoak eraiki, abian jarri eta gauzatzeko. Inbertsio horien bidez, sarea malguagoa eta seguruagoa izango da, eta, horri esker, energia berriztagarri gehiago eta sorkuntza banatuko baliabide gehiago (autokontsumoa) barneratuko dira, eta garraio-sektorearen elektrifikazioa sustatuko da.

Espainian, i-DE enpresak, Iberdrolaren banatzaileak, 260.000 kilometro linea elektriko baino gehiago kudeatzen ditu, 97.000 transformazio-zentro baino gehiago ditu zerbitzuan eta mila azpiestazio baino gehiago, eta 11 milioi bezero baino gehiagori eskaintzen die zerbitzua. Iberdrolak irailean inauguratu zuen Global Smart Grids Innovation Hub, sareetako berrikuntza-zentro bat, sareei aplikatutako berrikuntzan erreferentzia izan nahi duena eta I+G+B plataforma eragile gisa jardungo duena.

Zentroan, Iberdrolaren sareen Larraskituko egoitzan, berrogeita hamar enpresa, zentro teknologiko eta unibertsitate ari dira lanean 120 proiektutan, 110 milioi euroko balioarekin.