- Jardueraren suspertzea ondo sendotzea erdietsi zuen Iberpapel taldeak iaz, koronabirusaren pandemiak ekonomia globalean izandako eraginaren ondorioz 2020an inbertsioak geldiarazi ondoren.
Iberpapelek atzo jakinarazi zituen iazko emaitzak, unitate fisikoen salmentak 2018ko eta 2019ko ekitaldietako mailara itzuli direla azalduz.
Enpresa-taldearen fakturazioaren bilakaera on horrek nabarmen bultzatu zuen jarduera, urtea 9,29 milioi euroko irabazi garbiarekin itxiz, 2020ko ekitaldian baino %119 handiagoa.
Emaitza horiek hobeak ere izan zitezkeen, baina 2021eko azken hiruhilekoan gasaren prezioak jasandako igoerak eragin kaltegarria izan zuen, aldagai horrek domino efektua ekarri bai-tzuen gainerako energietan eta lehengaien kostuetan, Iberpapeletik azaldu zutenez.
Energiaren inflazio egoerari erantzuteko neurri zuzentzaileak hartu zituen Iberpapelek hirugarren hiruhilekoaren hasieran, besteak beste, dibulgazio-kanpaina bat zabaldu zuen bezeroen artean, egoeraren larritasuna eta taldeko produktuen salmenta-prezioa igo-tzeko beharra azaltzeko.
Enpresa-taldearen Ebitda 21,07 milioi eurokoa izan zen, 2020an baino %10,13 handiagoa. Urteko negozio-kopuruaren zenbateko garbia 237,23 milioi euroraino igo zen, %55eko gorakada aurreko ekitaldiarekiko, hurrenez hurren, paperaren, energia elektrikoaren eta zuraren salmentak %46, %90 eta %170 igo zirelako.