- Aldundiak Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea sustatzeko laguntzak erabaki ditu. 2021ean 4.366.560 euro bideratu ditu horretara, 28 zentro, fakultate eta unibertsitate-erakundeek, eta I+G unitateek 53 proiektu egin ditzaten. Ekimenetako zortzi, enpresa-arloko I+G unitateek zuzentzen dituzte, hamabi inbertsio-proiektuak dira, 29 I+G+b proiektuak, eta azken lauak "Gipuzkoa Next" lerro berrian kokatzen dira.

Ekonomia Sustatzeko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Jabier Larrañagak adierazi duenez, "ezinbesteko apustua da ehun ekonomikoa indar-tzeko, eta gure ekonomia ezagutza aurreratuan oinarrituta eraikitzen jarraitzeko".

I+G+b proiektuen lerroaren barruan, 2.249.331 euro bideratu dira 29 proiektutara. Unibertsitateentzako laguntza guztizkoaren %30etik gorakoa izan da, eta UPV/EHUren, Mondragon Unibertsitatearen eta Tecnunen ekimenak biltzen ditu; tarteko dira, baita ere, honako beste zentro hauek: CEIT, Ikerlan, Cidetec, Lortek, Tekniker, Ideko, Tecnalia, Vicomtech, Azti, CIC NanoGUNE, CIC BiomaGUNE, Biodonostia eta DIPC.

Proiektuen ia %50ek osasunarekin lotutako gaiak jorratzen dituzte, eta beste hainbestek industria adimendunaren garapenarekin zerikusia duten gaiak ukitzen dituzte. Diruz lagundutako ekimenen %44 baino gehiagotan, emakumeak dira buru.

Inbertsio-proiektuei dagokienez, 800.000 euro eman zaizkie 12 eskaerari. Diru-laguntzarik handienak CIC NanoGUNEren nanomaterialak karakterizatzeko X izpien difraktometro batentzat, eta Teknikerren hidrogeno berdea sortzeko saiakuntza-banku bat sortzeko proiektuentzat izan dira.

Azkenik, "Gipuzkoa Next" lerroaren baitan, Etorkizuna Eraikizen eremu estrategikoa den teknologia kuantikoei lotutako ekimenak bultzatu dira, 435.000 eurorekin. Hauek izan dira I+G+Bko erakunde onuradunak: Tecnun (101.393 euro), DIPC (106.083 euro), CIC nanoGUNE (98.951 euro) eta Materials Physics Center (UPV/EHU) (128.573 euro).

12.500 pertsona inguruk I+Garekin lotutako jarduerak garatzen dituzte, horietatik 8.369k dedikazio osoarekin, Gipuzkoan, geu garelarik I+Gra BPGren ehunekorik handiena bideratzen duen EAEko lurraldea, 2020an %2,63raino iritsiz. .