- Espainiako banderapean arrantzan egiten duten Kantauriko ontziek 28.400 tona berdel harrapatu ahal izango dituzte aurtengo kanpainan, Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak jakitera eman duenez. Kontutan izan behar da aurtengo harrapaketa muga onargarria aurreko urtekoa baino %8 txikiagoa izango dela, zientifikoek egindako azken gomendioen arabera.

Alicia Villauriz, arrantza idazkari nagusiak eman die horren berri, berdeletan aritzen diren ontzietako ordezkariei eta Kantauriko autonomia-erkidegoetako arran-tza arduradunei. Haren arabera, oraingoz behintzat ez diete kenduko 2009an kuota gainditu izanagaitik Bruselak jarritako isunaren aurtengo zatia. Behin betiko kuota esleitzen denean kenduko dutela azaldu dute Madriletik.

Beste alde batetik, arrantza ministeriotik azaldu dutenez, aurten "zailtasun bereziak" izan dira berdelaren kuota handitzeko ahaleginean. Aurreko urteetan estatuak berdel gehiago lortzen zuen beste estatu batzurekin trukeak eginez. Arrantza idazkari nagusiak iragarri duenez, aurtengo kanpainan ahalegin berezia egingo dute arrantzaldia kontrolatzeko. Ondo bidean, Bizkaia eta Gipuzkoako arrantza ontziek, amuak erabiliz arrantzatzen dutenak eta inguraketa sarea erabiltzen dutenak, datorren astean itsasoratuko dira berdelaren arrantzaldiari ekiteko. Urteko kuota nahi baino urriagoa denez, arrantzaldia ez da askorik luzatuko.