ZUMAIAKO SANTA KLARA LANDETXEAren jabea Maite Mancisidor

"Landetxe bakoitzak bere izaera dauka"

22.11.2020 | 01:15
Maite Mancisidor bere txekorrekin Santa Klara baserrian. Argazkia: Arnaitz Rubio

Zumaiako Santa Klara landetxeko jabe den Maite Mancisidorrek otsailaren amaieran bihurtu zen landetxearen eta baserriaren arduradun, amari lekukoa hartuta, 28 urterekin. "Nik lehenago ikasi nuen etxeko behi tartean ibiltzen herrian kotxe tartean baino". Esnetarako eta haragitarako behiak dituzte baserrian, eta aitortu beharrekoa da nekazal-etxe gutxik izango dituztela Santa Klararen bistak, euskal kostaldea ederki ikusten baita bertatik.

Mancisidorrek Zarauzko Antoniano ikastetxean fabrikazio mekanikoko diseinua ikasi zuen, baina praktikak egiterakoan bulego batean hainbeste ordu egonda "ito" egingo zela sentitu zuen. Gaztetan, oso ondo uler-tzen ez zituen egoerak bizi ondoren erabaki zuen Zarautzen ikastea. "Ni oso kirolzalea naiz eta gurasoak ez ziren nire partiduak ikustera etortzen. Ezin izaten genuen familia guztia elkarrekin oporretara joan, eta umetan gauza horiek ez dituzu ulertzen", azaldu du.

"Orduan, txikitan, baserria maite arren, bizitza erosoago bat eskainiko dizun lanpostu bat bilatzen saia-tzen zara; gurasoak asteko zazpi egunetan ordutegirik gabe lanean ikusten baitituzu, eta askotan baita negarrez ere, fakturak ezin direlako ordaindu", aitortu du Mancisidorrek. Baserrian diru sarrerak "oso baxuak" omen dira, eta gastuak, aldiz, "oso altuak". Hala ere, bizimodu honen aldeko apustua egitea hautatu du zumaiarrak: "Balorazio bat egin ostean, bizitza guztirako oporrik gabeko lanpostua aukeratu nuen".

Santa Klarako behien esnea Kaikuri saltzen diote zuzenean, eta haragia berriz, Zestoako Iraeta auzoko Harakai enpresak erosten die. Aldundiaren Gazte Plana programak onartutako diru-laguntza behiak jezteko robotak erosteko baliatu du Mancisidorrek. "Sektore honetan erabiltzen diren makinak oso garestiak dira eta robot horiek erostea ezinezkoa da Aldundiaren diru-laguntzarik gabe", nabarmendu du.

Baserriko lana eta landetxekoa uztartzeko gakoa "ordutegirik gabe" jardutea dela uste du Mancisidorrek. "Landetxe bakoitzak bere izaera dauka eta Santa Klarako bistak oso landetxe gutxik izan arren, gu ez gara indargune horretan soilik zentratzen. Bistak saltzen ditugu, baina naturarekin edo animaliekin harremana izan nahi duten turistentzat bidera-tzen dugu batez ere landetxea", azpimarratu du.

Harreman hori estuagoa izan dadin, bisita gidatuak eskaintzen dituzte bertan ostatua hartuta daudenentzat, eta baita ez daudenen-tzat ere.

Maite Mancisidorrek esnetarako eta haragitarako behiekin egiten du lan baserrian eta horrez gain, landetxeaz ere arduratzen da