- Iñigo Urkullu lehendakariak zientziaren eta teknologiaren aldeko aldarrikapena egin zuen atzo, euskal ekonomia indar-tzeko gai diren aldetik: "Zenbat eta krisi gehiago, berrikuntza gehiago". Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, egindako batzarrean, "Industria adimentsu" baterantz aurrera egitearen garrantzia azpimarratu zuen lehendakariak, Euskadiren motor ekonomiko gisa sektore horren bideragarritasunari eutsi ahal izateko. Urkullu gaur elkartuko da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru ordezkari nagusiekin -Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano- egitasmoa zehazteko, zientzia eta teknologian egiten diren inbertsioak indar-tzeko, eta horiek industria-ehunean eragina izan dezaten.

Euskal administrazioak abian jarritako laguntzak pandemiak epe laburrean eragindako kolpe ekonomikoa arintzeko baliagarri dira, baina etorkizunari begira, eraldatzen ari diren sektore askoren etorkizuna nolakoa izango den planteatu behar da. Eusko Jaurlaritzak "epe ertainerako estrategia" batean lan egin nahi du hiru foru aldundiekin elkarlanean. Abian dauden ikerketa-proiektuei bultzada eman, beste egitasmo berri batzuk hasi, eta, batez ere, berrikun-tzak BPGri tira egin diezaiola; horrela, covid-19aren eraginez galdutako enpleguak , -Jaurlaritzaren arabera 70.000 inguru izango omen dira- lehenbailehen berreskuratu ahal izateko.

"Euskadik zailtasunei aurre egin dien guztietan jakin izan dugu alda-tzen, berritzen, berrasmatzen eta egiteko formula berriak bilatzen", adierazi zuen atzo lehendakariak Zamudioko parke teknologikoan egindako biltzarrean. Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren helburua 2030. urtean ezarri da, eta inbertsiorako, lehiakortasunerako eta enplegurako "ziurtasun-aukerak" eskainiko lituzke.

Ibilbide horretan, funtsezkoa izaten jarraituko du bio-osasunaren sektoreak: 150 bat konpainia baditugu jada EAEn, eta baita Europa mailan punta-puntako ikerketa-zentro batzuk ere. "Osasun sistemaren eta Euskadiko ekosistema zientifiko, teknologiko eta enpresarenaren arteko lankidetza indartzeko garaia da", eskatu zuen Urkulluk.

Manuel Salaverria Innobasqueko presidenteak ere berretsi zuen berrikuntzak sekulako garrantzia izango duela covid osteko garaiotan, eta etorkizun ekonomikorako funtsez-koak izango diren bi alderdi aipatu zituen: digitalizazioa eta iraunkortasuna. Ildo horretan, Kudeaketa Organo berrietarako pertsonen hautaketa ofizialdu zuen Berrikuntzaren Euskal Agentziak "inoiz baino zeresan handiagoa" izan behar duela azpimarratu zuen. "Errezeta zaharrekin ezin dira arazo berriak konpondu. Krisiak errezeta berriak eskatzen dizkigu ", esan zuen Salaverriak.