Ametsen linboan sartu eta gazte denboretara itzulitxo bat egin dut gaur, kantu batzu mitiko bihurtu genituen garai haietara eta Benitoren Zenbat gera kantu ezaguna kantatzen genuenaren esanahia zer zitekeen aztertu asmoz ari naiz. Hitz gutxitan, erreza izanik, asko esan nahi duen kantua genuen, amankomunean biltzen ginen orduko egoeraren islada bistaratzen.
Denboraren joanean ere, garai baterako edo besterako balio duten hitzak eta kantuak daude, eta modu errezean eta esanguratsuan, Benitok kantu bihurtu zituen Abel Muniategiren hitzak.
Galdera zuzenak eta erantzun orokorrak edo orokorregiak dituen kantua dugu Zenbat gera. Gaurko egoerara badakarkigu ere, erantzun bako galderetan murgiltzen gara oraindik orain.
Zenbat garen? Zertarako jakin behar. Zer egiten dugun? Zertan. Zer egingo dugun? Non, zer, noiz...beraz, erantzunetan baino galderetan mugitzen gara beti. Eta kantuaren galderen osteko hitzak, guztiz dira adierazgarriak, ez naiz filolologi eredutan sartuko, baizik eta hitzen balioetan eta esanahietan, herri sentimendua adierazten duen kantuan.
Zenbat garen? Galdeketan eta erantzunetan, gure herrialdeetaz hitzegin nahi duela suposatzen dut, hau da, Euskal Herrietaz. Eta honetan, politika edota kultura politikoa sartzen da: Beste nazionalismoen parekoa izan beharko lukeen nazionalismoa aldarrikaten duena edota ukatzen duena eta bestetik, sentimenduei egokitua eta uztartua dagoen abertzaletasuna.
Beraz, Zenbat gara? Orotasunean, eta zatika. Zazpiak bat, edota laurak bat, edota “gu gera hiru probintzi…”.
Zazpiak bat Abbadien: 1836 edota Historie de Basques, On divise les basques en sept provinieses our païs particuliers: Jean Philippe Bela: 1709-9 (1709-96). Laurak bat: Laurok hartuko degu zurekin partea, Iparragirre. Edota Gu gera hiru probintzi,lehengo legerik ez utzi.Hoieri firme eutsi,nahiz hanka bana hautsi, jaioko dira berriak. Gu gera Euskal Herriak, Xenpelar.
Baina, gatozen kantura, Zer egin degu? Ezerrez. Asko edo gutxi, zerbait baino gehiago egin eta aurreratu dugulakoan nago. Ez gara lozorroan egon.
Zer egiten degu? Alkar jo, zer egingo degu? Alkar hil. Alkar joka ere ibili izan gara eta zalantzarik gabe egoera okerragoetan bizi izan gara. Gure asmoak, Esperantzak: Herri legez irauteko, aurrera egiteko eta etorkizunera begiratzeko behar beharrezko esperantzaren aldarrikapena izan da goiburua eta hitz gutxitan ezin ba asmo hoberik erakutsi.
Herria, Askatasuna, Justizia, Pakea, Egia, Maitasuna. Nola gauden, zer beharko genukeen, zeintzuk litezkeen gure nahiak. Eta herri normal, eraginkor, osatu eta osasuntsu batek, justizia bereganatuz, pakean bizi behar du eta egiaren baliagarritasuna, multzo orokorrean baino, norberaren edo giza bakanakoaren eritzian dagoela-eta, bakoitzaren ikuspegitik erabiltzea da gomendagarria. Egia bat bada ere, egiak mila begi ditu eta egiaren zorretan izango gara beti ere, eta maitasuna, jakina, asmo ederra dela.
Iragana, geroaren maisu bada, orain eta hemen, urteen joan-etorrian, bete ote ditugu gure nahiak? Atzeak erakutsi ote digu aurrea nola dantzatu? ala kantuaren azken hitzak adierazten digun bezela, mito eta hitz hutsaletan bihurtu ote ditugu gure garai bateko esperantzaren aldarri haiek?
Atzera begira, gure herrian behintzat, zalantzarik gabe, ez gaude garairik ilunenean, nahiz eta euskaldunok era askotan badugu etsipenerako eta ezkortasunerako joera. Honela adierazten zigun Xabier Letek: “Gu ezaren seme, zalantza orokorraren zaldun lurreratu, odol eta lokatzezko denbora hauetan, Gu ezaren seme, nostalgiaren sabeletan bilduta aurkitzen garenok”.
Garaiak ziztu bizian ari dira aldatzen eta, gutxi-asko, gure ibileran eta ekimenean, zenbat garen zertan eta zertarako ez dakidan arren, badugu aurrera gogoz iharduteko eta geroa esperantzakor begiratzeko aukera. Bagaude egin dugunarekin harro egoteko ere. Eusten ari izan gara urteetan, “Eutsi” dugu iraupenerako hitz molde erabiliena, erresistentzi legez erabili izan duguna.
Hala ere, nire ustez, eusteak, amore ez ematea edo atzera ez egitea adierazten badigu ere, sarriegitan lubakian edo trintxeran gaudenaren seinalea dakart gogora eta Espainian, ekiteko edo aurrera egiteko, “Vamos” hitza erabiltzen den eran, gurean: susperraldirako “Eman-Ekin edota “Emaiok-ekiok” edo halakoren bat eredugarriagoa delakoan nago.
Eta gaztaroaren itzuleratik eguneratu naiz eta ametsak amets, urratu badira ere hainbat gauza, mundua etsipen unibetsalezko gainbeheran datorkigun irudian dago eta Lourdes Iriondo kantariak garai batean kantatzen zuena gogoratuz: “Gezur 'ta gorroto, injustizi asko, mundu garbiago bat bizi nahi genduke”.
Injustiziaren eta giza eskubideen gutxiespenaren aurkako aldarrikapenetan, atzera egin dugu zalantzarik gabe, eta hainbat arlotan, isildu eta mutu geratzen gara gure konformismoan eta lasaitasunean harrapatuta. Eta kultura gaur egungo gizartean, jendearentzat entretenimendu gisako ikuskizun handiko erakustokia bihurtu da. “Zenbat garen“ multzo horretan, Erlijioa gainbeheran dago eta dogmak huts egin duten honetan, iraganeko eta oraingo mitoen aroan sartu gara.