Oiartzun - Oiartzungo Udalak 2018an ia 17 milioi euroko, zehazki 16,75 milioi euroko, aurrekontua izango du, iaz baino %1,3 gehiago. Dokumentua azkeneko Osoko Bilkuran onartu zen. Udalaren esanetan, aurrekontu hauen helburu nagusiak herritarrei zerbitzuak bermatzea eta azpiegiturak eta ekipamenduak sortu eta hobetzea izango dira. Udalaren egoera ekonomikoa normala izanik, ildo nagusia aurreko urteetako politiken jarraipena izango da.
Hirigintzako inbertsioei dagokienez, Udalak aurten 2,3 milioi euro bideratuko ditu, hauetatik erdia, udal eraikinetara. Izan ere, Mendiburu 14 erabilera anitzeko eraikina bihurtuko da eta Arizmendi-enea proiektua gauzatuko da aurten, Udalaren plangintzaren arabera.
Gainontzean, mantenu-lanak izango dira gehien bat egingo direnak: auzoetako beharrak bideratu, poligonoen biziberritzea, ur-hoditeria berritzen jarraitu, argiteria sarea aldatu iraunkortasun energetikoa lortzeko, herribideak konpondu, garraio publikoko zerbitzuak (Xorrola eta taxibusa) sustatu? Arlo honetan, Altzibar eta Karrika arteko bidegorria izango da gauzatuko den lan garrantzi-tsuenetako bat.
Bestalde, Oiartzuar guztien ongizatea bermatzea da Oiartzungo Udalaren egiteko nagusietako bat. Horregatik, orain arteko gizarte politikak mantendu eta indartuko dira (etxez etxeko zerbitzua, esaterako). Gizarte Zerbitzuak hobe-tzeko egitasmoa ere badu Udalak eskuartean.
Berdintasun saila ere sortu berri du Udalak, dagokion baliabide ekonomiko eta pertsonalez hornituz. Orain arte Gizarte-Ongizate sailetik landu dira politika feministako gaiak, baina Udalak “gizarte duin batean gaiak duen garrantziarengatik, arloa modu propioan lan-tzea beharrezkoa” dela ikusi du.
Oiartzungo Udalak azpimarratu duenez, aurrekontua parte-har-tzailea izan da. Auzo batzarretan landu da gaia eta gazteekin ere saio berezia egin da. Honela, 143 herritarren ekarpenak zuzenean jaso dituzte udal ordezkariek. EAJrekin ere gaia lantzeko bilerak egin dira eta herriko eragileekin elkarlanean jarraitzeko asmoa azaldu du.