DONOSTIA. Azken urteetako joerari jarraituta, 2018ko lehen seihilekoan 14.195.767 bidaia erregistratu dira Dbuseko autobusetan; horrek esan nahi du aurreko urteko denbora tarte berean baino 255.463 bidaia gehiago egin direla.

Lehen seihilekoko emaitzek azken urteetan eduki duten bilakaera nabarmen izan daiteke, kontuan izanda 2013an Tarifa Bateratua sartzean erregistratu zen beherakada handia.

Analisia lineaz linea

Lineei dagokienez, 2018ko lehen seihilekoan gehien erabili den linea Amara-Ospitaleak izan da (28 linea), eta horren atzetik Altzakoa (13 linea) eta Benta Berrikoa (5 linea).

Bidaiarien Garraio Publikoari buruzko UNE-EN 13816 arauaren arabera AENORen kalitate ziurtagiria duten hiru lineak dira, eta ziurtagiri horrekin linea horien zerbitzuaren kalitatea egiaztatzen da.

Era berean, sei hilabete hauetan bidaia kopuruak gora egiten jarraitu du Antiguon, Berion, Ibaetan eta Igaran zerbitzua ematen duten lineetan (5-25-33-40-43-45 lineak), aparteko 115.000 bidaia baino gehiagorekin, eta Amaran zerbitzua ematen dutenetan (17-21-26-28 lineak), aparteko 102.000 bidaia baino gehiagorekin

Horrez gain, Gautxori zerbitzuek gorakada handia eduki dute, urte bat baino gehiagoan zerbitzu horien erabilera etengabe jaitsi ondoren. 2018ko lehen seihileko honetan, egoerak buelta ematen du eta aparteko 10.603 bidaia zenbatu dira, %13 baino gehiago hazi dela adierazita. Gorakada linea guzti-guztietan gertatu da, B4-Amara-Martutene linea izanik gehien erabilitakoa.

Bidaien analisia

Zentzu horretan, lanegunetako autobusen batez besteko erabilera tarifak bateratu zirenetik handiena izan da, 90.746 bidaiarekin (89.329 bidaia 2017an).

Larunbat eta jaiegunetako erabilerari dagokionez, lehen seihileko honetan batez besteko erabilera 2017koa baino handiagoa izan da, baita tarifak bateratu zirenetik erregistratutako handiena ere. Izan ere, larunbatetan 66.029 bidaia erregistratu dira (64.367 bidaia 2017an) eta 39.621 bidaia jaiegunetan (39.196 bidaia 2017an).