Egun distiratsua
Alaitasunez eta gogoz beterik ospatu zen atzo Haur Danborrada, eguerdian ikasteetxetako danborjoleek eguzki izpien distirarekin batera urte askoren ostean, atzokoan ez zuten euria egingo zuen beldurrik izan, Donostiako erdigunea jai giroz bete zuten euren erritmoekin. 12.00etan, Alderdi Ederren elkartu ziren 49 konpainiak, egunaz gozatzeko intentzioarekin. Aurten, Donostia 2016ri hasiera emateko, Wroclaveko haurrekin batera aritu ziren makilak astintzen, guztira 9.000 ume elkartu zirelarik. Alde batetik, 5.000 donostiar denbora luzez entseatutako abestiak jotzeari ekin zioten Udaletxearen aurrean, Maialen Artola Danbor Nagusiak zuzenduta; bestalde, gipuzkoar hiriburutik 2.116 kilometrora, Wroclawen, 4.000 haur poloniar aritu ziren danborra jotzen, pantaila baten bidez ikus zitekeen moduan.
Eguerdiko kanpaiak jotzearekin batera, Ane Martínez Easo Ederrak eta Álvaro Larrea Jeneralak hartu zuten hitza eta donostiar eta poloniar guztiei ongi etorria eman zieten. "Gaur oso egun berezia da, ondo pasatzera etorri gara eta kolore txuri-urdinak zabaltzera", esan zuen Martínezek. Larreak, bestalde, aurten Donostia Europako Kultur Hiriburua izango dela gogoratu zuen, eta Europako ereserkia ere joko zutela aurreratu zuen. Bitartean, Wroclawen, lau orduko festa hasi zuten, dan-tzaz, kontzertuz eta hainbat ikuskizunez osatua. Danborradako karguen hitzen ondoren, bi hiriburuetako haurrek batera San Sebastian Martxa jo zuten eta, ondoren, Europako ereserkia, desfilearekin hasi baino lehen, guztiak, Danbor Nagusiaren aginduetara pozik kantari aritu zirelarik.
"Abenduan hasi ginen entseguekin eta oso erraza izan da abesti berria ikastea", adierazi zuten Amara Berri Ikastetxeko Ioritz, Andoni eta Paulek. 6. mailako ikasle hauen hirugarren aldia da danborradan, eta aurtengoan ere dudarik gabe izena eman zuten. "Egun honetan dagoen planik hoberena da, bestela ez genuke ezer ere ez egingo", aitortu zuen Ioritzek. Danborradaren ostean, familiakoak danborra jotzen ikustera joango zirela esan zuten. Bestalde, Axular Lizeoko Irati eta Malenek ere asko entseatu zuten egun handirako. "Hilabete bat aritu gara abestiak ikasten eta Europako ereserkia ere oso erraza egin zaigu", azaldu zuten. Danborra jotzea asko gustatzen zaiela aipatu zuten eta jada egunaz gozatzen ari zirela azpimarratu zuten.
The English Schooleko banderadunak, Mariak, ez zuen entsegu asko behar, 11. aldiz atera baitzen atzo Danborradan. "Jada kantinera, danborjole, barril-jotzailea... denetarik izan naiz, horregatik eman didate aurten kargu bat", esan zuen DBH 4. mailako ikasle honek. Mariak ez du San Sebastian eguna Danborradan atera gabe imaginatzen: "Festa barrutik bizi-tzea gustatzen baitzait". Goizekoarekin nahikoa ez du eta arratsaldean lagunekin helduen konpainiak ikustera joango zela nabarmendu zuen.
Aurtengo berrikuntza bat haurren artean jantzi berri bat ikus zitekeela izan zen. Konpainia askok euren haurren artean sukaldariz jantzitako batzuk zituzten lehenengo aldiz gaztetxoen artean. Adibidez, Jesuitinak ikastetxeko Iñigok eta Aitorrek jantzi berria erabili zuten, euren konpainiako zaharrenetakoak zirelako. "Oso gustura gaude, gure ikastetxeak egin duen jantzia oso polita eta erosoa da, berdin zitzaigun nola jantzita atera, oso ondo pasatzen baitugu", adierazi zuten.
San Patricio ikastetxeko Cristina, Sara, Ainhoa eta Leire ere sukaldariz jantzita atera ziren Danborradan, hauek ere, zaharrenak izateagatik. "Gehiago gustatzen zaigu jantzi hau, beraz, oso pozik gaude gure azken urtean horrela atera garelako", azaldu zuen Cristinak. Penaz zegoen ikasle talde hau, oso ondo pasa baitute Danborradan hiru urtetan zehar. "Gozatzera irteteko eguna da hau, eta aprobetxatu egingo dugu, datorren urtetik aurrera, beste modu batean bizitzen ikasi beharko dugu eta", azaldu zuten.
Alderdi Ederreko saioaren ondoren, konpainia guztiek batera desfilea egin zuten Donostiaren erdigunetik, Gipuzkoa plazara iritsi arte.