"Mekatxis la porreta!" Lau urteko Naroak harrituta begiratzen zion inguruari. "Denak gonarekin!" Parte Zaharrera iritsi, alde batera eta bestera begiratu eta jendetza besterik ez zuen ikusten. Txistorra usaina ere sumatu zuen...
"Joan atzeraino, mesedez". Erdialdera garraio publikoa erabilita gerturatzeko deia egin zuen Udalak eta herritarrek beste behin erantzun zuten. Dbusek autobus bereziak eskaini zituen egun osoan zehar eta goiz-goizetik ibilgailuek beteta egin zuten Bulebarrerako bidea. Ibilbidean aldaketak izan ziren zerbitzu batzuetan eta gidariek pazientzia ere izan behar zuten azalpenak emateko. Lehenago edo beranduago, denak heldu ziren azokara.
"Ahhjj! Ze gaizki usaintzen duen!" Engraxi gustura zebilen atzo, jaten, etzanda, ingurura begira... Gaztetxoak ilaran zain, haren inguruan tarte bat noiz aurkituko, txerria, azokako erregina, gertutik ikusteko. "Txerriak zikin samarrak dira...", erantzun zion amak beha-tzekin sudurra tapatzen ari zen neskatoari. Engraxi polita baino, "oso handia" zela iruditu zitzaion, baina usainak harritu zuen gehien. "Goazen, ama!". "Itxaron, argazkia!".
"Patata!" Argazkiak han eta hemen, milaka aterako zituzten atzo. Gaztetxoek eta helduek baserritar jantziak soinean zituztela aprobetxatu behar zen argazki batean koloretako gona dotoreak, txapelak eta abarkak jasotzeko. Gero eta gehiago dira San Tomas eguneko azoka bisitatzeko garai bateko baserritarren azalean jarri nahi dutenak, kalekumeak izanda Donostiaren landa historia aldarrikatu nahi dutenak, merkatuaren parte eta giroaren parte sentitu nahi dutenak. Belaunaldi berrien eskutik, zaharragoek ere heldu diote ohiturari eta hiria kolorez bete zuten berriz ere. Eta ohitura deigarria egiten zaie oraindik ere hirian zehar dabiltzan turistei: elizei eta paisaiei ateratzen zaizkien moduan, taldetxo bat baserritar jantzia zuten herritarrei atera zien argazkia.
"Olentzero joan zaigu..." Bretxako teilatuaren gainean eserita, Donostiaren atzoko itxuraldaketaren lekuko izan zen Olentzero eta San Tomas Gabonen hasiera dela gogoratu zuen. Gabon kantak dira San Tomaseko musika banda. Donostiarrok ez dugu ulertzen nola urteko egunik berezienetakoa egutegian gorriz markatuta ez dagoen. Askok jai eguna eskatu zuten hutsik ez egiteko, beste batzuk oporretan zeuden... Dendak irekita egoteak aukera eman zien, bestalde, Olentzerori lagundu eta opariren bat bilatzeko.
"Tximeleta!" Animaliak zituzten inguruan, txistorra usaina, jende-tza... Baina ume gehienak gora begira zeuden Okendo plazan. San Tomas eguneko azokaren egitarauan ez daude Disneyko pertsonajeak, ezta Pocoyo edo Doraemon ere. Baina globo saltzaileek bazekiten haur asko bilduko zirela eta negozio aukera polita ikusi zuten. Koloretako eta pertsonaje ezagunen formako puxikak tentagarriak ziren gaztetxoentzat eta gaur goizean haien etxeetan esnatuko dira batzuk.
"Bi talo txistorrarenak eta bat gaztarena". 16 postu jarri zituzten atzo taloak saltzeko (guztira 233 postu zeuden) baina, hala ere, ilarak luzeak ziren guztietan hamaiketakoaren ordurako. Krisia dela eta azken urteotan prezioa kongelatu dute talogileek eta bost euroren truke saldu zituzten atzo. Urtean behin artoz egindako opilak gustuko ditugula dirudi... Atzo, hala ere, gariz egindako taloak ere saldu zituzten postu batean. Bokatak ere milaka prestatu zituzten postuetan eskola bidaian joateko dirua biltzen aritu ziren ikasleek, egun batez tabernari lanetan. Pintxoak 1,5 edo 2,5 euro (tamainaren arabera) eta bokatak, 3,5 euro. Bidezko merkataritzaren postuan euro baten truke ere saldu zituzten pintxoak eta taberna askok bezeroei txistorra doan eskaintzeko ohiturari eutsi zioten. Gazta edo txokolatea eskatu zuenik ere izan zen...
"Irabazlearen izena da..." Postu batean txistorra gutxi eginda, bestean gehiegi... Gipuzkoako plazan, berriz, puntuan. Euskal Herriko txapelketan 25 ekoizlek hartu zuten parte eta epaimahaia osatu zuten sukaldari eta adituen esanetan, maila altua zuten guztiek. Ba-tzuk parrandan dauden bitartean, San Tomas azokara lanera, saltzera eta lehiatzera datozen ekoizle eta nekazariak ere badaude. Ezti lehiaketa eta lur gaien erakusketarena ere izan ziren atzo.
"Ama, kalimotxoa zer da?" Txistorrarekin maridajea sagardoak egiten duela hoberen erabaki dute herritarrek, baina txistorraren ondoren San Tomas eguna parranda eguna ere bada milaka eta milaka gazterentzat eta parrandako zurito, kaña eta kalimotxo klasikoek ere bete zituzten edalontzi berrerabilgarriak. Irakurtzen hasia zen lauzpabost urteko mutiko batek postu batean kalimotxoa eskaintzen zutela irakurri zuen eta jakinmina piztu zitzaion. "Etorri hona, maitia", erantzun zion amak. Etorkizuneko santomasetan ezagutuko du euskaldun batek asmatu omen zuen nahasketa.
"Non zaudete?" Zapia buruan, gona eta mantala ondo lisatuta, alkandora txukun-txukun, abarkak... Eta mobila eskuan, lagunen bila. Donostiak landa jantzia jarri zuen, baina XXI. mendean gaudela ez zuen ahaztu eta teknologia berriak ere ez. Garai batean mobilik gabe lagunak nola topa-tzen ziren pentsaezina da gaur egun eta ulertezina baita ere festa giroan ateratako selfiea momentuan Sarean ez zintzilikatzea. San Tomas ere garai berrietara egokitu da.
"Ezagutzen zaitut, ez?" Orduak aurrera joan ahala, ume, guraso eta aiton-amonek etxerako bidea hartu zuten eta gazteek bete zuten haien lekua. Postuak itxita, tabernetara jo zuten. Gaua luzea izan zen Parte Zaharreko kaleetan askorentzat eta erlazio berriren bat ere utziko zuen agian aurten San Tomasek.