donostia. Cristina Enea Fundazioak Hidrologikak zikloa antolatu du hirugarren urtez Urumea ibaiaren inguruan disfrutatzeko eta ibaia herritarrentzat berreskura-tzeko helburuarekin. Hala, ohi bezala, aurten ere erakusketak, irteerak, hitzaldiak eta poesia izango dira ibaiaren inguruan.

Lehenengo bi erakusketak zabalik dira jada: Cristina Enea Ingurumen Baliabideen Etxean Suchitlán lakuko arrantzaleak esposizioa bisitatu daiteke, laku baten inguruan bizi den El Salvadorreko herri bati buruz. Asteartean bigarren erakusketa zabaldu zuten Loiolako kultur etxean, Urumeako ibaiaren oroimenari buruz. Auzoko dendetako erakusleihoetan ere jarri dituzte esposizioa osatzen duten 100 argazkietako batzuk. Hirugarren erakusketak Azpiegitura energetikoen eragina Brasilen ematen den giza eskubideen urraketan du izenburu gisa eta Amara Zaharreko Kaxilda liburudendan jarriko dute, hilaren 31tik ekainaren 20ra arte.

Hiru hitzaldi ere prestatu dituzte aurtengo ziklorako: El Salvador atzo, gaur eta bihar, dokumental baten proiekzioarekin Gipuzkoako Argazkilarien elkartean; El agua como derecho humano, Lidia Serrano Ingenieros sin fronteras elkarteko kidearen eskutik; eta Ura Bataiatzen, toponimian aditua den Mikel Belaskoren eskutik.

Urumearen arkitektura eta baserriak ezagutzeko irteerak jada ohikoak bihurtu dira ziklo honetan eta aurreko urteotako erantzuna ikusita, aurten ere eskainiko dituzte (horietako bat ontziz egingo dute). Ibaiertzetik bizikletan eta oinez egiteko bisita gidatuak ere izango dira.

Azkenik, Literaktum jaialdiaren baitan, Benartegi baserriak poesia emanaldia hartuko du hilaren 18an. Egun horretan Musika Parkean ekimena ere izango da leku berean.

Krisi garaian egon arren Hidrologikak programa erreferente bihurtu dela eta sendotu dela nabarmendu zuen atzo Txema Hernández Cristina Enea Fundazioko zuzendariak. Urumean eta Urumearekin disfrutatzen ikasteko helburua ere baduela zikloak gaineratu zuen Axier Jaka Ingurumen zinegotziak.