Donostia. Jolastokian jarritako bi modulo prefabrikatuekin abiatu zuten ikasturtea pasa den hilabetean Aieteko ikastetxean. Eta, momentuz, bai ikasleak eta baita irakasleak ere gustura ari dira. Printzipioz, bi ikasturte pasako dituzte moduluekin eta aurreikusitako epeak betez gero, 2014ko irailean Puion altxatuko duten eraikin berrira pasako dira aietearrak.
Ikastetxe berriko lanak atzeratzen joan dira lehiaketara aurkeztutako enpresek jarritako helegiteen ondorioz eta, hori dela eta, obrak ez dira hasi oraindik Puio-Lanberri inguruan (Hiru Damatxo plazan). Momentuz, ikasleek Azkarate Enea eraikinean jarraitzen dute baina etxea txikiegia zen aurten promozio berri bat hartzeko: hori dela eta erabaki zuen Hezkuntza Sailak aipatutako moduluak jartzea, bata bestearen gainean, ikastetxeko jolastokian.
"Jolastokia orain txikiagoa geratu denez, txandaka ateratzen dira umeak", azaldu du Miren Aranburu ikastetxeko zuzendariak. Gainerakoan gustura daude moduluetako baldintzekin. Ikasle zaharrenak izan dira bertako geletan kokatu dituztenak, Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako taldea eta hirugarren eta laugarren mailako beste taldea. "Komunik ez dago moduluetan eta horregatik kokatu ditugu han ikasle helduenak", gaineratu du.
Azkarate Eneako ikastetxea auzoan dagoen lehen eskola publikoa da. Duela urte gutxi batzuk zabaldu zuten, hasieran Haur Hezkuntzako ikasleekin bakarrik. Lehen talde horietako umeak hazten ari diren neurrian Lehen Hezkuntzako gelak ere sortzen joan dira, eta datorren urtean bosgarren eta seigarren mailako taldea ere izango dute, zikloa osa- tzeko. Gainera, aurten, bi urteko 23 umeez gain, beste mailetara ere heldu dira ikasle gehiago, batez ere, Pagolako etxe berrietara heldutako familiengatik.
eraikin berria Ikastetxeak hazten jarraitzen du baina, momentuz, beste bi urte itxaron beharko ditu Puioko eraikina estreinatu ahal izateko. Ikastetxe berriak 4,2 milioi euroko aurrekontua izango du: hiru pisutan Lehen Hezkun- tzako bederatzi gelak kokatuko dira. Informatikako eta ingeleseko gelak ere izango dituzte, baita beste areto txikiagoak ere talde txikientzat.
Gimnasioa izango dute, liburutegia eta erabilera anitzetarako aretoa, eta horri irakasleen eta administrazioko langileen bulegoak gehituko zaizkio. Jangela izango du Puio Lanberriko ikastetxeak eta kanpoan kirola egiteko lekua ere bai, baita gazteenentzako jokuekin prestatutako gunea ere.