Donostia. Lagunekin Kantari programa duela hamaika urte abiatu zuten Intxaurrondoko Larrotxenen eta urtebetetzea ospatzeko Amaren Alabak talde xiberutarraren emanaldia prestatu dute ikasturteari hasiera emateko. Ostiralean izango da kontzertua, 20.00etan, Larrotxenen bertan.

"Kantu ikastaro izenekoak ez dira ikastaroak, euskal kantuaren inguruan jende elkartze bat da, gitarrazale-edo batek gidatuta, aspaldiko eta egungo zenbait euskal kanta ikastearren", diote ikastaroaren arduradunek. Larrotxenen egiten dituzte saioak eta kalera ere ateratzen dira Kantu Jiran.

"Xumea eta, hala ere, kalitateko programa da, aurreko hamar urteotan Larrotxenetik pasatu diren kantarien zerrendak erakusten duenez: Amaia Zubiria, Jean Mixel Bedaxagar, Eñaut Etxamendi, Erramun Martikorena, Aire Ahizpak, Anje Duhalde, Mixel Etxekopar, Mixel Arotze, Maddi Oihenart...", nabarmendu dute antolatzaileek.