Donostia. Donostiako alkate izan zintezkeela espero al zenuen?
Bagenekien sorpresa emango genuela. Bilduren karrera langaz betetakoa izan da: lehena diferenteen artean programa bat adostea, eta oso programa polita egin genuen. Bigarrena aurkezteko aukera izatea zen, hirugarrena sorpresa ematea urnetan eta laugarrena gobernatzea izango da. Horretan gabiltza. Baietz, bagindoazela esan genuenean, Alkatetzara iristea zen asmoa.
Eta zuretzat, zer suposatzen ari da?
Bizitza pertsonalean gogorrak izan direla egun hauek, ez nuen ezagutzen zer zen kanpaina bat, orain ditugun bilera guztiak, prentsarekin egon beharra... gogorra egiten ari zait. Baina kanpaina polita egin dugu eta jende asko izan dugu atzetik, nahiz eta arazoak izan genituen azken momentura arte ez genekielako aurkezteko aukera genuen edo ez. Baina oso aberasgarria izan da.
Gobernatuz gero, nola aldatuko da zure bizitza?
Oraindik ez dakit zer suposatuko duen, aldaketa batzuk egongo dira, oraindik neurtzeko ditut.
Igeldotarra zara. Zer pasako da han?
Gure programan jartzen du Igeldok, Zubietak eta Altzak ez badute nahikoa proposatzen dugun deszentralizazioarekin, gehiengoak eskatzen duena errespetatuko dugula.
Igeldok esan du herri izan nahi duela.
Errespetatu egin behar da hori.
Desanexioaren alde egingo duzuela esan nahi al du horrek?
Gai hori epaitegietan dago momentu hauetan, ez dago Udalaren esku.
Athleticekoa zarela diote.
Ez! Ez naiz Athleticen kontrakoa. Baina lehen taldea Reala da, bigarren ekipoak Athletic eta Osasuna. Eta Alaves gaixoa ere hor dago...
Baina ez zara Athleticekoa?
Ez, ez, ez. Athleticek irabazten badu pozten naiz, Realaren kontra ez bada.
Partidoetara joaten al zara?
Ez daukat ohiturarik, ez naiz sozioa, noizbehinka joan izan naiz eta telebistan bai ikusten ditut.