Síguenos en redes sociales:

Mende erdia txalaparta artean

Donostiako Santo Tomas Lizeoak 50 urte bete dituela ospatzeko ekitaldi jendetsua ospatu zuen Kursaalen

TXALAPARTA soinuak. Nola ez. Donostiako Santo Tomas Lizeoak 50 urte bete dituen lehen ikastola izan da eta mende erdia ospatzeko milaka lagun bildu zituen atzo arratsaldean Kursaalen. Eta ekitaldiari hasiera emateko, lizeotar guztiek ezagun dituzten txalaparta hotsak entzun zituzten, urteotan klasera sartzeko eta ateratzeko ordua zela iragartzen zuten horiek.

Hitzordua 19.00etan zuten, baina ordu erdi lehenago jada kongresu jauregian sartzeko ilarak luzeak ziren. Eta zain zeudenen arteko besarkada eta agurrak ere bai. Lizeoko irakasle, langile, guraso, ikasle eta ikasle ohiak ziren guztiak, denbora luzean ikusi gabeak asko.

50 urte hauetan 10.000 ikasle pasa dira Santo Tomas Lizeotik eta horiek guztiak ez, baina asko bai agertu ziren atzoko urtebetetzea ospatzera. Ekitaldia iragarri zutenean aipatu zuen Iñaki Zubizarreta egungo zuzendariak Lizeoaren tamaina eta dimentsioa ikusita, kalera eraman nahi zutela ospakizuna, lizeotar gehienak biltzeko asmoz.

Guztiek atzera begiratzeko aukera izan zuten, Santo Tomas Lizeoaren sorrerako urteak eta protagonistak gogoratzeko; baina baita oraingo ikastola ikusteko parada ere, eta gerora begira lizeotarrek dituzten asmoak ezagutzeko aukera ere bai. Ekitaldian zehar okasiorako prestatutako bideo zatiek eman zuten horretarako guztiarako aukera.

Irudiez gain, musika, bertsoak eta umorea ere ez ziren falta, guztia ikasle, ikasle ohi edo gurasoen eskutik, beti ere. Lizeotar direnak edo izandakoak izan dira, baita ere, mende erdia ospatzeko 256 orriko liburua osatu dutenak. Bizipenen liburu bat, argazkiena baino gehiago: ikasle ohiei eman diete ahotsa, baita arkatza eta pinturak ere lana osatzen duten irudiak sortzeko.

ospakizunak

Abestia eta danborrak

Urteurrena ospatzeko bestelako ekimenak ere jarri dituzte abian Lizeokoek. Besteak beste, Santo Tomaseko haur, gazte eta helduen danborradek jada jotzen duten martxa berria. Antton Valverde eta Xabier Euzkitzek ere ereserkia sortu dute, Gora Lizeoa. Bada, guztiak ezagu-tzeko aukera izan zuten atzo Kursaalera bertaratutakoek. Liburua erostekoa eta baita bi doinu berriak entzutekoa ere. Izan ere, taula gainean ez zuten hutsik egin Lizeoko danborjoleen txapel gorriek.

Ekitaldiak iraun zuen bi ordutan, hori bai, argiek tonu laranja zutela ere konturatu ziren kongresu jauregia betetzen zutenek. Naroa Agirre kirolariak aitortu zuen atzo jarritako bideo zati batean: bere gaztaroaren urte dezente eman zituen txandal eta kamiseta laranjarekin. Eta kolorea ahaztuta zutenek irribarrea ahoan gogoratu zituzten, baita ere, haien txandal laranjak.

Lizeotarrek lizeotarrentzat egindako ekitaldia izan zen atzokoa, mende erdia betetzen duen lehen ikastolarena.