Donostia. Bihar arratsaldean abiatuko dituzte Intxaurrondo Zaharreko bizilagunek auzoko festak. Aurten, trenbidea estaltzeko lanak direla eta, kultur etxearen parean, Intxaurrondo kalean, jarriko dute karpa erraldoi bat eta bertan egingo dituzte programatutako ekitaldi gehienak. "Euria egiten badu ere festekin jarraitu ahal izango dugu horrela, nahiz eta garesti samarra den", aipatu dute festa batzordetik.
Pasa den larunbatean, jada, antolatu zuten jaietako lehen ekitaldia: pala txapelketa izan zen Ategorrietako frontoian. Eta gaur arratsaldean giroa berotzen jarraituko dute auzoko gaztetxoek, 17.00etatik aurrera jolasak izango baitituzte eta 18.00etan txokolatada eta buruhaundiak, Intxaurrondo kalean.
Dena den, ofizialki bihar emango diete hasiera festei. Berriz ere jolasak eta txokolatea izango dituzte haurrek eta 19.00etan futbito txapelketa herrikoia planteatu dute. Ondoren, 20.00etan, izango da jaien hasiera ekitaldia: danborrada izango da, pregoia eta txupinazoa ere bai eta, ondoren, sardinada prestatuko dute auzotarrentzat. Lehen eguna borobiltzeko bertso poteoa izango da 22.00etan plazatik abiatuta, Ministro eta Silveiraren laguntzarekin.
Ostiral arratsaldez jarraituko dute festetako ekitaldiek, umeen-tzat Kiki eta Kokoren emanaldiarekin eta tinbalen hotsak jarraituz antolatu duten friki-poteoarekin. Afari herrikoia ere izango da ostiralean, sei euroren truke hasierakoak, lasaña, natillak eta kafea dastatzeko aukerarekin. Larunbatean gazte eguna prestatu dute. Goizeko protagonistak umeak izango dira, danborradan aterako baitira eguerdian. Gazte bazkaria ere izango da eta arratsalde partean gose direnentzako Intxaurrondoko talogileak izango dira karpan. Herri desafiyuak ere prestatu dituzte, eta lan bitxia izango dute izena ematen dutenek. Langostinoak jaten arituko dira nor baino nor, eta trontza mozketan ere bai.
bi afari Aurten, azkenean eta aurreko urteotan ez bezala, afari herrikoia izango da baita larunbatean ere eta, gainera, berbena antolatu dute. Azken urteotan diru kontuak zirela eta karaokea, dj-ak eta bestelako ekitaldiak prestatzen zituzten auzotarren artean, baina oraingoan dantzaldiak izango dira bi gau garrantzitsuetan, Trakets taldearen eskutik ostiralean eta Laketekin larunbatean. Hala ere, aurreko edizioetako esketxen emanaldiak ez du hutsik egingo 23.00etatik aurrera, Laket taldekoak taula gainera igo aurretik.
Festak igandean amaituko dituzte Intxaurrondo Zaharrean Bazkari Mundialarekin Justo Elizaran pasealekuan. Iberikoak eta txuleta bazkalduko dituzte, besteak beste, 22 euroren truke mahaian eseriko direnek. Mus txapelketa ere izango da bazkalostean eta Arzak jatetxean bazkari bat izango dute jokoan. Festei amaiera emateko asto lasterketak izango dira ondoren.
"Auzoko bizilagun guztiei, ume, gazte, heldu, nagusi... guztiei deia luzatzen dizuegu jai batzordetik auzoan jaiaz gozatzeko", adierazi dute Intxaurrondo Zaharrekoek.