Erremontea izango da lehiara itzultzen lehena


16.05.2020 | 00:34
Iragan abenduan Galarretan jokatutako Erremonteko Binakako Txapelketako finalaren irudia. Argazkia: I.A.

Donostia – Deseskalada garatzen ari den heinean, kirol-modalitate desberdinak lehiaketari berriz ekiteko antolatzen ari dira. Hain zuzen ere erremontea izan zen COVID-19 pandemiaren ondorioz gelditu zen azken pilota jarduera, alarma egoera iragarri zen egunean, martxoaren 14an programatutako jaialdia egitearekin batera; eta, itxura batean, lehiara itzultzen, berriz, lehena izango da. Galarreta pilotalekua ekainaren 20tik aurrera irekitzeko asmoa dago, Oriamendi 2010 eta Euskal Telebistaren arteko akordioa sinatu ostean.

Pilotaleku hernaniarrean erremonte txapelketa jokatuko da hainbat bikoteren artean. Hasiera batean, erremontistak etxean entrenatzen jardun dira; gero, ahal izan duten neurrian eta baimendu zutenetik, kalean ere egin dute kirola, eta hilabete barru frontoira itzultzeko sasoi fisiko egokian egotea espero dute.

Pilotariak bi txandatan bueltako dira Galarretara entrenatzera datorren astearte edo asteazkenatik aurrera, COVID-19 inguruko araudia haintzat hartuta.

Lehenengo gipuzkoarrak itzuliko dira, eta gero, nafarrak. Pilotariek hilabete bat inguru beharko dute frontoira bueltatzeko prest egoteko.

Txapelketa ekainaren 20an edo 27an hasiko da, ETB1ek eskainiko du eta bost asteko luzaera izango du, hurrego bost larunbatetan. Jaialdi bakoitzean lehiketako bi partida jokatuko dira.

Txapelketaren ezaugarriak, bikoteen kopurua eta bikote horiek osatuko dituzten pilotarien izenak oraindik zehaztu gabe dago.

Zaleak harmailetan Alde biek adostu dutenez, jaialdi hauetan zaletuak izango dira harmailetan, sartuko den publikoa frontoiaren edukieraren heren batera murriztuko bada ere. Ordutegia betikoa izango da, arratsaldeko lauretatik aurrera.

Jardunaldi bakoitzean txapelketako bi norgehiagoka jokatuko dira, eta jaialdia osatzeko lagunarteko beste partida bat ere izango da.

Gauzak horrela, Oriamendi 2010k pilotarien kontratuak berritu egin beharko ditu; izan ere, pilotarien kontratuak bertan behera geratu baitziren, konfinamendu-aldiarekin batera amaitzen zirelako. Horrela, datorren asteartetik aurrera bakarka entrenatzen hasi ahal izango dira, aurrerago taldean entrenatzeko.

Ekainaren 20an erremontea itzultzearekin amaituko da hiru hilabetetik gora iraun duen geldialdia; eta, bide batez, ekainaren 13an bete-tzen den Galarreta pilotalekuaren 50. urteurrena ere ospatuko da.

Ez da hau Oriamendik prestatu duen txapelketa bakarra; enpresa gipuzkoarrak banakako txapelketa bat egitea ere negoziatu du ETBrekin, abuztuan eta irailean jokatzeko.

Koronabirusaren bilakaerak eragozten ez badu, frontoiak edukieraren herena egokituko du zaleentzat