- Denboraldiari hasiera polita eman dio Basque Team Fundazioaren beka jasotzen duen Imanol Rojok, ilusionagarria. Iaz bere mailako denboraldirik onena egin zuenez, aurtengo honetan gorenean hasiko da Munduko Kopako 30 onenen artean mantentzeko helburuarekin; gainera, otsailaren amaiera eta martxoaren hasiera artean Oberstdorfen (Alemania) jokatuko den Munduko Txapelketan maila on horri eutsi nahiko lioke. Ezin ahaztu, denboraldi honetatik aurrera, Munduko Kopako proba hauek Beijing 2022rako sailkatzeko puntuagarriak izango direla. Txinakoetara joateko txartela eskuratuz gero, hirugarrenez joango litzateke Rojo Olinpiar Jokoetara.

“Urte arraroa izan da. Abuztura arte ez gara etxetik irten. Soilik kontzentrazioetara, Andorra ingurura; baina orain, irailaz geroztik hasi gara ateratzen, Italiara joan gara eskiatzera. Desberdintasun nagusia? Ba, neurriak hartu behar ditugula, PCRa egin behar izaten dugu bidaiatu aurretik. Suposatzen dut lasterketak ere arraroagoak izango direla, oso neurri zorrotzak egongo direlako jendea ez kutsa-tzeko”, adierazi zuen eskiatzaile tolosarrak.

“Zortea eduki dugu egutegiarekin, ez da ezer aldatu, eta printzipioz dena egingo da, egutegi guzti-guztia; eta Munduko Kopa, maila honetan jarraitzen badut, osorik egingo dut, baita Munduko txapelketa ere”, aipatu zuen Imanol Rojok.

Eskiatzailearen esanetan, “mailari eustea da nire asmoa. Oso zaila da lehenengo 30en artean egotea, eta nire helburua da, martxoan, Munduko txapelketara forma onean iristea, ahalik eta lanik onena egiteko”.

“Aurtengo denboraldia oso erabakigarria da, lasterketa guztiak kontuan hartzen baitira Beijing 2022ri begira. Nire ustez, aurtengoa erabakigarria izango da Joko Olinpikoak nola joango diren ikusteko”, gaineratu zuen.

Eta azkenik, denboraldi honetako helburu nagusitzat Munduko Txapelketa izango duela aitortu zuen: “Aurten Munduko txapelketa ondo egitea da nire helburua, eta ikusiko dugu ea hemendik bi urtera non gauden”.

“Zortea eduki dugu egutegiarekin, ez da ezer aldatu, eta printzipioz dena egingo da”

Eskiatzailea