Saralegiren marka gaindiezina


01.05.2020 | 01:31
Mieltxo Saralegi, 329 kiloko harria altxatzen. Argazkia: ETB

donostia – 2001eko apirilaren 28an Mieltxo Saralegik, Lekunberrin, 329 kiloko bloke angeluzuzena bizkarrean berdintzea lortu zuen, altxaldi bakar batean inoiz pisu gehien jaso duen harri-jasotzailea bihurtuz. Leitzarrak ezarritako marka ez dirudi gaur egun inork hobetuko duenik

Saralegik kilo batean hobetu zuen bere marka, eta 1995az geroztik berea zuen modalitateko errege izatearen ohoreari eustea erdietsi zuen. Ordura arte, leitzarrak Iñaki Perurena herrikidearekin partekatzen zuen kirol honen historian izan den harririk astunena jaso izanaren ohorea. 1993an, Saralegik 320 kilokoa altxatu zuen, eta handik urtebetera, Perurenak marka hura berdindu zuen. 1995ean, ordea, 321 kilo altxatu zituen, eta geroxeago, 322. 1996an marka bi aldiz hobetu zuen (323 eta 324 kilo), eta 1997an beste bi bider (325 eta 326). 327 kiloko harriak makina bat nahigabe ekarri zizkion Saralegiri. 1997an bi saiakera ustel egin ondoren, urtebete geroago lortu zuen bere helburua.

Leitzarrak, ordea, belauna trata-tzeko hartzen ari zen sendagai baten ondorioz, nandrolonan positibo eman zuen dopinaren aurkako kontrolean. Hala izanagatik ere, Federazioak marka baliogabetu eta urtebeteko zigorra ezarri zion. Halako batean, 1999an, itzuli eta arantza ateratzea lortu zuen 327 kilokoa altxatuta. 2000. urtean 328 kilokoa berdintzeko ere hainbat saiakera egin behar izan zituen.

329 kilokoa altxatu ondoren, ordurako 31 urte zituen Saralegi ez zen balentria horrekin konformatu, eta marka hura ere gainditzen saiatu zen, kiloz kilo, berak ohi zuen legez. Artean ez zirudien nafarrak muga jo zuenik, eta handik hilabetera 330 kilokoa altxatzen saiatu zen Orkoienen, baina ez zuen lortu; urte bereko ekainean Tolosan ere ezin, ezta hurrengo urtean Zizur Nagusian ere... Leitzarrak ezin bere marka hobetu, eta harri txikiagoei heldu zien handik aurrera. Errekorra harrian zizelkatuta geratu zen. 2001. urtetik hona, Inaxio Perurenak –Iñaki Perurenaren semeak– beste inork ez du lortu 300 kilotik gorako harririk altxatzea; orain arteko bere markarik onena, 2016an altxatutako 308koa da.

2001eko apirilaren 28an, zama handiena altxatu duen harri-jasotzailea bihurtu zen leitzarra, 329 kiloko angeluzuzena altxatuta

Harrezkero, 300 kilotik gorako harria Inaxio Perurenak bakarrik jaso du, Iñakiren semeak, 308 kilokoa berdindu baitzuen 2016an