Denboraldiko azkeneko finalak ate joka ari dira. Larunbat honetan, 16.30etatik aurrera jokatuko dira Zumaiako Aitzuri pilotalekuan Xistera Zirkuituko kadete eta Hirugarren Mailako finalak eta baita Interjaikoa ere.

Kadete mailako finalarekin abiatuko da saioa. Bertan, Bilbao eta Ureta, Agirreren eta Rodriguezen aurka arituko dira. Azken bikote hau zuzenean sailkatu zen finalera, eta besteek, finalerdia jokatu eta irabazi egin zuten Noainen. Agirrek eta Rodriguezek garbi daukate zuzenean finalean sartzea abantaila handia dela, nahiz eta jakin aurkariek eurak baino partida bat gehiago jokatuta iritsiko direla neurketa erabakiorrera.

"Guk finalerdi oso ona egin da gatoz, eta horrek konfiantza ematen du", esaten du berriz, Bilbaok. "Garbi dago lehen jokoa irabaztea garrantzitsua izango dela eta ahalik eta hutsik gutxien egitea ere bai", esaten du aurrelari berritxuarrak.

Ureta, berriz, zumaiarra da, baina etxean jokatzeak ez diola presiorik eragingo esaten du. "Niretzat ona dela uste dut. Jende asko etorriko da eta ingurukoak ere bai. Animo asko jasoko ditugu", dio gipuzkoarrak.

Kadeteen ostean etorriko da Hirugarren Mailako finala. Urreisti eta Del Rio, Egañaren eta San Joseren aurka jokatuko dute. Azken bikote honek finalerdiak jokatu behar izan zituen azkeneko saioan izateko, besteek zuzenean lortu zuten finalerako txartela.

Haritz Egaña zumaiarra da, eta berari ere etxean jokatzeak ez diola presiorik sortzen dio. "Etxean aritzeak ez dit presiorik sortzen, finalak berak bai, honelako final batek beti ematen du errespetoa", esaten du Haritzek.

Urreistiren aurka askotan aritutakoa da, eta garbi dauka ahalik eta hutsik gutxien egitea izango dela gakoetako bat. "Pilotari handia da Eñaut Urreisti, eta berari irabazteko oso huts gutxi egin beharra dago", esaten du gipuzkoarrak.

Javi San Jose izango du lagun atzean. Gasteiztarrak ere garbi dauka zer egin beharko den irabazteko. "Ahalik eta hutsik gutxien egin, eta atzean nagusitzen saiatu. Garrantzitsua izaten da baita ere lehen jokoa irabaztea, baina ez erabakiorra", esaten du.

Modu berean hitz egiten du Eñaut Urreistik ere. "Ahalik eta hutsik gutxien egitea izango da gakoa, eta ahalik eta lasaien kantxaratzea ere bai. Lehen jokoa irabaztea oso garrantzitsua da, baina ez erabakiorra, izan ere bigarrena galtzen bada, kontrakoa izaten baita", esaten du mutrikuarrak.

Iñaki del Riok ere ez du besteek diotena batere aldatzen. "Finalak beti izaten dira bereziak jokatzeko, tentsio handia izaten da. Ahalik eta lasaien jokatzea izango da garrantzitsua", esaten du arabarrak.

Azkenik Interjaiko finala jokatuko da. Laloo eta Manci Aaronen eta Zugaitzen aurka neurtuko dira. Aaronen ustez neurketa zaila izango omen da. "Bikote handia osatzen dute. Ligaskan galdu egin genuen euren aurka, baina orain arteko mailan jokatzen badugu, izango ditugu aukerak",esaten du gasteiztarrak.

Zugaitzek ere ikusten ditu aukerak, "Lan ona egin eta topera jokatzen badugu, gauzak zail jarriko dizkiegu", esaten du Donibane Lohizunekoak.

Beste aldean, Mikel Manzisidor Mancik garbi dauka ez dela partida erraza izango. "Ligaskan irabazi genien, eta horrek beti ematen du indarra, baina hau partida ezberdina izango da", esaten du mutrikuarrak. "Nire ustez lehen jokoa irabazteak ere garrantzi handia izan lezake, bigarrenerako lasaitasun apur bat ematen baitu, eta aurkariei presio handia sartu", esaten du.

Urtarrilak 25, Zumaiako pilotalekua, 16.30.

Xistera Zirkuituko finalak:

Kadeteak: Agirre-Rodriguez / Bilbao-Ureta

Hriugarren maila: Urreisti-Del Rio / Egaña-San Jose

Interjai: Laloo-Manci / Aaron-Zugaitz