Talde txuri-urdinak 3-2 galdu zuen Real Madrilen zelaian, amaierarako hogei minuturen faltan bi goleko aldearekin irabazten ari ziren partida. Amaiur aurrelari donostiarrak bi gol sartu arren (Nahikarik ezingo du gehiago jokatu denboraldi honetan eskuin oineko hirugarren metatartso hezurrean haustura duelako), talde gipuzkoarrak ezin izan zion markagailuko errentari eutsi eta saririk gabe itzuli behar izan zuten Madrildik.

Orain, ligako txapelketa amai-tzeko bi jardunaldi falta direnean, Natalia Arroyoren nesken helburua une honetan duten laugarren postuari eustea izango da, Atletico Madrilek baino puntu bat gehiago baitaukate, Ligako sailkapen historikorik onena lortzeko.

Txuri-urdinak partidaren bila zelairatu ziren hasieratik, aurkari boteretsu baten aurka inolako lotsarik gabe jokatuz. Txuri-urdinak aurreratzeko zorian izan zen Amaiur partidako lehen aukera garbian, eta handik minutu batera ez zuen barkatu: Luciaren pasea baliatu eta aurrelari donostiarrak bikain sareratu zuen baloia Misa buruz burukoan gaindituta.

Gola jaso ostean etxekoak nagusi izan ziren, eta Asllaniren erremate bat ederki saihestu zuen Mariasun Quiñonesek. Realekoak ondo aritu ziren defentsa lanetan, Ligako talderik onenetako baten aurrean apenas sufritu gabe.

Aldagelatik itzuli ondorengo hasiera ere ezin hobea izan zen, eta lehen minutuan aldeko penaltia izan zuten. Horrela, hamaika metroetatik izandako aukera alferrik galdu gabe, markagailuan aldea handitzeko aukera aprobetxatu zuen Amaiurrek, bere bigarren gola eginez.

Madrildarrek partidan nagusi izaten jarraitu zuten, eta 70 minututik aurrera, hamar minutu pasatxoan, emaitzari buelta eman zioten, txuri-urdinek Donostiara aldeko emaitza ekarriko zutela zirudienean.

Asllanik aldea murriztu zuen, Realeko jokalari izandako Cardonaren erdiraketa bat bigarren zutoinean errematatuta. Hamar minuturen faltan, Kenti Roblesek binakoa egin zuen Mariasunen aurrean zorrotz asmatuta. Eta, hiru minutu geroago, Olgak ezkerraldetik egindako erdiraketa bat buruz sareratu zuen Jessica Martinezek.

Hitz bitan esanda, kolpe galanta. Beraz, denboraldiko azken aurreko jardunaldian porrota jaso du Realak, eta emaitza honen ostean, Europarako sailkatzeko aukerarik gabe geratu da.

REAL MADRID Misa, K. Robles, Peter, Kaci (M. Corrdera, 66. min), Olga, M.Oroz, Asllani (Lorena, 92.min), Jakobsson (J. Martinez, 66.min), M. Cardona, Ivana eta Teresa.

REAL SOCIEDAD Quiñones, Lucia, Etxezarreta (Tejada, 79.min), N. Mendoza, Nuria R., Maitane (Itxaso, 79.min), Gemma, Amaiur, L. Baños (Mirari, 88. min), Cecilia (Palacios, 71.min) eta N. Eizagirre (Manu, 88.min).

Golak 0-1, 13. min: Amaiur. 0-2, 48. min: Amaiur. 1-2, 71. min: Asllani. 2-2, 81. Min: K. Robles. 3-2, 84. min: J. Martinez.

Epailea González González. Txartel horiak: Etxekoen Olga eta J. Martinezi.

Jazoerak Real Madrilen kirol hirian jokatutako Iberdrola Ligako 32. jardunaldiko partida.