Bigarren B Maila

Sanse | Karrikaburuk eman zion garaipena

BALENTRIA Aurrelari bikainak 88. minutuan sartu zuen Sansek Calahorran partida iraultzeko gola, denboraldiko bigarren fasean lider mantenduz

12.04.2021 | 00:17
Arambarri eta Martinez Losa baloiaren bila. Argazkia: Calahorra

Calahorra1

Real Sociedad B2

CALAHORRA Collet, Titi (Borja, 80. min), Santamaria, Victor Andres, Amorrortu (Fran, 86. min), Ramon, Martinez Losa (Marc Nierga, 77. min), J. Álvarez, Rayco (David Soto, 86. min), El Haddadi eta Carrique.

REAL SOCIEDAD B Ruiz-Zeberio, Blasco, Arambarri, Ezkurdia, Alkain (Sola, 62. min), Veiga (Aldasoro, 62. min), Petxarroman, Jiménez, Karrikaburu (Aguirre, 91.min), Navarro (Aranzabe, 86. min) eta Lobete (Garrido, 86. min).

Golak 1-0, 4. min: El Haddadi. 1-1, 83. min: Petxarroman. 1-2, 88. min: Karrikaburu.

Epailea Gonzalez Hernandez. Txartel horiak, etxeko J. Alvarezi eta Titiri; eta Realeko Ruiz-Zeberiori.

Jazarpenak Bigarren faseko bigarren jardunaldiko partida Calahorran.

Calahorra – Sansek balentria handia egin zuen Calahorraren zelaian, Karrikabururen golari esker azken minutuetan emaitzari buelta ematea lortuta (bigarren gola du filialarekin jokatutako hiru partidatan). Horrela, beste garaipen bat lortu zuten, azken hilabeteetan ohitura bihurtzen ari den legez.

Lehen zatia oso irekia izan zen, eta aukerak bi taldeek izan zituzten. Errioxarrak hobeto hasi ziren eta urruneko jaurtiketa batekin, Amorrortu gola sartzeko zorian egon zen. Bigarrenean ez zuten barkatu. Itxura batean arriskurik ez zuen El Haddadi txuri-urdin ohiaren erdiraketa bat sareetaraino iritsi zen. Realeko gazteak suspertu egin ziren eta oso gertu izan zuten berdinketa; denboraldi honetan Realaren harrobiko bitxi bihurtu den Karrikaburuk hiru aukera on izan zituen, baina etxekoen atezainak hirurak zapuztu zituen. Gainera, aipatu, kontraerasoan errioxarren bigarrena ere iristekotan izan zela. Realak utzitako Martinez Losak sekulako aukera izan zuen ahoko zuloan, baina Unai Ruiz-Zeberiok baloia harrapatzea lortu zuen.

Lehen zatian joan-etorri etengabean ibili ondoren, aldagelatik bueltan txuri-urdinek aurrerapausoa eman zuten, partida hobeto kontrolatuz. Aukerak bai, gutxiago izan ziren, aurkaria gogor saiatu baitzen lortutako errenta babesten.

Gazte txuri-urdinek ez zuten amore eman, ordea, eta dena galduta zegoela zirudienean, Petxarromanek, zuzeneko falta jaurtiketa bat baliatuz, partida berdintzea lortu zuen. Eta amaierarako bi minuturen faltan irauli zuten markagailua. Aurreko golegileak kornerra jaurti eta Karrikaburuk burukada ederra egin zuen lehen zutoinean, Realari garaipena emango zion gola sartuz.

Hitz bitan esanda, balentria aparta zazpigarren garaipena jarraian lortzeko, multzoko lidergoari eusteko eta lehen hiru postuetan finkatzeko. Datorren asteburuan, Tudelanoren aurka, Sansek bigarren fase honetako lehen itzuliari amaiera emango dio Zubietan; hantxe izango du aukera, Bigarren Mailara igotzeko play-offetarako sailkapena ziurtatzeko.

noticias de noticiasdegipuzkoa