- Natalia Arroyoren taldeak ezin izan zuen berdinketatik pasa Sevillaren aurka (1-1). Txuri-urdinak nagusi izan ziren partidan zehar, baina beste behin ere aurkarien atean asmatzea falta izan zitzaien. Dena den, Reala sailkapeneko laugarren postuan kokatu da, Tenerifeko Granadilla liderrarengandik lau puntura.

Reala askoz gehiago izan zen lehen zatian, batez ere lehen ordu erdian. Korner batean, buruz, gipuzkoarrak aurreratzeko zorian egon zen Barbara, baina etxekoen atezainak gelditzea lortu zuen. Urruneko jaurtiketak baliatuz, Leire Bañosek eta Nerea Eizagirrek kinka larrian jarri zuten atepean zegoen Noelia Ramos. Jokoan ordu erdi zeramatenean, txuri-urdinen beste jokaldi arriskutsu batean Nuriak langa jo zuen korner bat errematatuta. Azken txanpan Sevillako taldea kontraerasoan saiatu zen, eta Mariasun Quiñonesek Pinelen gola eragotzi zuen atsedenaldia baino lehen.

Bigarren zatia parekatuagoa izan zen; lehenengoan baino aukera gutxiago, baina eraginkortasun handiagoa. Areaz kanpotik jotako ezkerkada bikain bati esker Nerea Eizagirrek markagailuan aurretik jarri zituen txuri-urdinak. Beste gol eder bat. Zailena eginda zegoela zirudien, baina etxekoek ere berehala erantzun zuten. Baloia lapurtu eta Mariasunen aurrean bakarrik geratu zen Ana Francok ez zuen barkatu. Realeko jokalariak garaipen bila ibili ziren partida amaitu arte. Ez zuten berdinketarekin konformatzeko asmorik, baina markagailua bere horretan geratu zen.

Beraz, gipuzkoarrek denboraldiko lehen berdinketa lortu dute sailkapeneko lehen postuetan finkatuz. Puntu hau ontzeko aukera izango dute datorren asteburuan Zubietan Valentziaren aurka.

Talde gipuzkoarra sailkapeneko laugarren postuan dago, Tenerifeko Granadilla liderrarengandik lau puntura

SEVILLA Noelia Ramos, Ramírez, Calderón, Pina (A. Franco, 63. min), Pinel (Coleman, 63. min), Virgy, Payne (Armengol, 88. min), Luik, Amparito (Bores, 91. min), Rivero eta Gabarro (Merida, 88. min).

REAL SOCIEDAD Mariasun Quiñones, Lucía, Nuria Mendoza, Tejada, Nuria Rábano, Maitane (Itxaso, 77. min), Leire Baños (Cecilia, 46. min), Gemma (Nahikari, 77. min), Bárbara (Amaiur Sarriegi, 77. min), Nerea Eizagirre eta Sanni Franssi.

Golak 0-1, 60. min: Nerea Eizagirre. 1-1, 68. min: Ana Franco.

Epailea Paola Cebollada López. Txartel horia Sevillako Ana Francori eta Realeko Leire Bañosi.

Jazoerak Jesús Navas estadioan ikuslerik gabe jokatutako partida.