- Azken ligako txapeldun izandako talde donostiarra, taldea titulu berri bat lortzeko lehian izango da gaur (18.00etan, Teledeporte). Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldeak arantza pare bat kendu nahi ditu norgehiagoka honekin; lehena, iazko Superkopako finalean Eibarren Rocasaren aurka (32-31) izandako porrota, eta bestetik, Malagaren aurka Donostian jokatu berri den norgehiagokan nagusitzeko gauza ez izana (21-21). Azken partida hartan, amaierako minutuetan gipuzkoarrek garaipena esku eskura izan bazuten ere, andaluziarrak aurretik izan ziren partidaren zati handi batean. Lehia hartan, gainera, Malagako jokalari onenetakoak Merche Castellanos atezaina eta Silvia Arderius erdikoa izan ziren, biak ala biak Bera Berako jokalari ohiak. Imanol Alvarez talde donostiarreko entrenatzaileak adierazi duenez, final berri honen gako nagusiak "defentsan eta ligako partidan egindako jokoa hobetzean" egongo dira.

Alvarezek jokalari guztiak izango ditu prest, luzerako lesionatuta dauden Emma Boada eta Eli Cesáreo izan ezik.

Super Amarako jokalariei antigenoen frogak egin zizkieten ostegun arratsaldean, eta ez zen emaitza negatiborik izan. Donostiarrek atzo egin zuten azken lan saioa Bidebietan, Loiutik Malagara eramango zituen hegazkina hartu aurretik.

Superkopa gehien irabazi dituen taldea da Bera Bera, zazpi titulurekin; Malaga, berriz, estreinatu egingo da lehiaketa honetan, bere historiako lehen titulua irabazi ondoren.

Zilarrezko Ohorezko Mailan, Elgoibarrek Castro Urdiales hartuko du Loizagan (19:30ean). Aldiz, Aiala Zarautzek eta Lagunak-ek jokatu beharreko partida atzeratu egin dute.