Síguenos en redes sociales:

Jon Arzubialde: “Ahal dudan marka onena bilatzen dut beti, eta lasterketetan sufritu egiten dut, gozatu baino”

Korrikalari donostiarrak gizonezkoen 1 zenbakidun dortsala jantziko du aurtengo edizioan

Jon Arzubialde: “Ahal dudan marka onena bilatzen dut beti, eta lasterketetan sufritu egiten dut, gozatu baino”Iker Azurmendi

Bizitza osoa atletismoari lotuta eman arren, badu oraindik lasterketetan parte hartzeko gogorik eta ilusiorik. Jon Arzubialdek (Donostia, 1963), Donostiarrak eta UPV-EHUk antolatzen duten Udaberriko Lasterketan parte hartuko du datorren igandean, eta aurtengoan, atleten ibilbidea omentzeko gordetako 1 zenbakidun dortsala jantziko du. 62 urte baditu dagoeneko, eta belaunetan molestia txikiak nabaritzen hasi bada ere, gogotsu dago lasterketan parte hartzeko.

Zer da Udaberriko lasterketa zuretzat?

Urtero egiten dudan lasterketa bat. Lesiorik ez badut, beti saiatzen naiz parte hartzen eta aurten ere halaxe izango da.

Suposatzen dut 1 dortsala eramatea oso berezia izango dela.

Noski. Esanahi berezia duen dortsala da, eta oso pozgarria izango da lasterketa 1 zenbakiarekin egitea. Ilusio handiz jaso nuen berria.

Antolakuntzak, nahiz eta marka handiak dituzun, gertuko pertsona eta korrikalari herrikoia zarelako omendu nahi izan zaitu.

Hala da. Ni ez naiz eliteko atleta sentitzen, korrikalari herrikoi baizik.

Hala ere, lasterketa herrikoietan parte hartzeko ere, prestakuntza behar da eta batzuetan baita profesionalen mentalitatea ere.

Noski, nik beti esaten diet taldekideei gu sasi profesionalak garela. Profesionalen erdia entrenatzen dugu, baina dezentetan elkartzen gara astero.

62 urte dituzu eta oraindik ere martxa handian jarraitzen duzu. Adinak gora egin ahala, prestakuntza zorrotzagoa da?

Noski, eta batzuetan lesioek ere ez zaituzte nahi bezain beste laguntzen. Orain, astero hiru egunez geratzen naiz lagunekin entrenatzeko, eta prestatzen ari garen lasterketaren arabera, entrenamenduak egokitu eta ezberdinak izaten dira. Orain, esate baterako, distantzia motzak prestatzen ditut, eta udazkenari begira, maratoiak eta kilometro gehiago dauzkaten lasterketak izaten ditugu helburu. Hala ere, adinak badu eraginik eta, orain adibidez, belaunean molestia txiki batekin ari naiz korrika.

Molestiak gorabehera gogotsu al zabiltza?

Bai, molestia bategatik ez diet lasterketei eta korrika egiteari utziko.

Beste batek agian utziko luke...

Lesioen ostean maila berreskuratzea zaila izan daitekeelako izango da agian, baina ni gogotsu nabil eta lesioak izan ditudanean beti saiatu izan naiz lehen nuen mailara berriro iristen.

Jon Arzubialde durante un entrenamiento en el Miniestadio de Anoeta

Entrenamenduez gain, bada prestakuntzarako beste gakorik?

Janaria zaintzea oso garrantzitsua da, nik kantitate txikiak jaten ditut eta “garbi” jaten dut. Bestalde, genetikaren aldetik zorte puntu bat izateak ere asko laguntzen du. Nire lagun askok korrika egiteari utzi behar izan diote aldaka edo belauneko arazoak direla eta.

Zuri lesioek errespetatu al zaituzte?

Ez askorik. Lesio dezente izan ditut, eta lehengo urtean adibidez, ez nuen korrika egiterik izan. Orain arte, oso azkar lortzen nuen aurrez nuen mailara gerturatzea, eta oraingoan aldiz, gehiago kostatzen ari zait, baina entrenatzea ez dit ekiditen. Nahiko buru gogorra naiz, eta Udaberriko lasterketan ere ahal dudan markarik onena bilatuko dut.

Donostian barrena doan 10 kilometroko lasterketa egitea, guztiz errekuperatzeko eta gozatzeko aukera hobeezina izan daiteke.

Lasterketa batean gozatzea? Inoiz ez. Ahal dudan markarik onena bilatzen dut beti, eta lasterketetan sufritu egiten dut, gozatu baino.

Zenbat lasterketetan parte hartzen duzu urtean zehar?

Ez daukat kopuru finkorik. Normalean, 20 bat lasterketa ingurutan parte hartzen dut urtean zehar, eta gero, lagunek animatzen banaute, besteren batean ere parte hartzen dut, noski.

"Ez dut lasterketa bat kuttunena; baina Donostiako maratoia, Behobia eta Udaberriko lasterketak bereziak dira niretzat"

Distantzia ezberdinetakoak dira, zein duzu gustukoen?

3k, 5k, 10k edo maratoi erdiko distantzietan parte hartu ohi dut, baina maratoia da nire distantziarik gogokoena. Hala ere, geroz eta gutxiago egiten ditut, eta ez dakit berriro ere parte hartzeko aukera izango dudan belauneko mina kontuan izanda.

Beraz, 2023an Donostian 60 urtetik gorako kategorian hautsi zenuen marka, ezingo duzu hobetu?

Ez, ez; nahiz eta parte hartzeko gogotsu nabilen, marka hori hobe ezina da gaur egun niretzat.

Zein da bereziena?

Ez dut lasterketa bat kuttunena; baina Donostiako maratoia, Behobia eta Udaberriko lasterketak bereziak dira niretzat, eta ahal izaten dudanean beti parte hartzen dut.