Mikel Lopetegi Urra eta Karmele Gisasola Zelai III Zarauzko Bi Harrien Txapelketan hirugarren garaipena jarraian lortzen saiatuko dira larunbat honetan. Txapelketan, kategoria bakoitzeko bosna harri-jasotzaile izango dira eta 18:00etan hasiko da.

Jai Txiki eta Mollarri izeneko bi harri irregularrei altxaldi gehien egiten dizkion harri-jasotzaileak jantziko du txapela, zazpi minutuko txanda bakarrean. Parte-hartzaile bakoitzak bi harriak txandakatu beharko ditu. Gizonezkoetan, bi harrien pisua 117 eta 119 kilokoa da, eta emakumezkoetan, 63 eta 51 kilokoa.

Markarik onena Lopetegik lortu zuen 2021ean 31 jasoaldirekin. Zarauztarraren aurkari nagusiak, 2018an eta 2019an irabazle izan zen Hodei Iruretagoiena – Izeta IV – eta Paulo Azpiazu izango dira. Iaz, biak berdinduta geratu ziren bigarren postuan, 22 jasoaldirekin. Pasa den astean Euskal Pentatloi Txapelketako finalean bigarren izan zen Xabat Olaizola eta Gari Garmendia debutaria ere lehiatuko dira.

Emakumezkoetan jokatu diren bi edizioetan Karmele Gisasola nagusitu da. Iaz ezarri zuen bizkaitarrak proba honetako erregistrorik onena, 33 jasoaldirekin. Ainitze Zumeta ere gogotik saiatuko da garaipena lortzen. Iaz bigarren izan zen zarauztarrak, Gisasola mendean hartu zuen abuztuan Igeldoko Harriarekin, aurrerago, ordea, bizkaitarrak berriro gainditu zuen Zumeta Ergobian Etxepazterreko harriarekin. Lierni Osak, Maddi Gesalagak eta Eider Garcia Durana arabarrak ere parte hartuko dute.

Sarrerak bost eurotan eskuratu ahal izango dira kiroldegian bertan, lehia hasi baino ordubete lehenagotik.