Augustako Mastersa bitan irabazitako Txema Olazabalek, Hondarribiko Golf Klubetik Donostiara bitarteko Santiago Bideko 20 kilometro egingo ditu Nick Edmund irlandarrarekin batera, minbiziaren aurkako elkartasun kanpaina baterako.

Hondarribiko Jaizubia auzoan dagoen Donostiako Real Golf Klubetik Edmund eta Olazabal Donostiako Basozabal golf-zelaira joan ziren atzo, han ere 4. zuloa jokatu eta bere erakundearen bandera ipintzeko. Edmundek 15 urtez lan egin zuen Nick Faldoren diseinu-enpresan, eta lau aldiz lortu du minbiziari gailentzea. Zenbaki horixe ipar hartuta, golf-zelai bakoitzean 4. zuloa jokatuko du.

GlobalGolf4Cancer kanpainari buruz kontzientziatzeko oinez egin duen laugarren golf-ibilbidea da. Golfaren bitartez, eta 2017az geroztik, gaixotasun horri ikusgarritasuna ematen ahalegintzen da, ikerketan inbertitzeko beharra nabarmenduz.

Egundaino oinez egin dituen 2.000 kilometroetan Irlanda eta Eskozian barrena ibili da, munduko zelairik ospetsuenetako zenbaitetara iritsiz, besteak beste, Pebble Beach, Royal Liverpool edota St. Andrews.

Bere erakundearen webgunean azaltzen du zergatik aukeratu zuen 4 zenbakia bere kanpainaren ikur izateko: lau pertsonatik batek minbizia pairatzen duelako, golf zelai guztiek dutelako 4. zuloa, eta 4ko parea delako kirol horretan ohikoena.

Olazabalek bere ekimenaren berri izan, eta Mallorcan Rafael Nadalekin batera antolatzen duen txapelketara gonbidatu zuen 2017an; hantxe burutu zitzaien elkartasuna kanpaina iparraldeko bidera ekartzeko ideia.

“Nicken kanpaina harrigarriaren eta minbiziaren aurkako bere borrokaren berri izan genuenean, Mallorcan egiten dugun Olazabal & Nadal Invitational-era gonbidatu genuen”, gogoratu du golflari gipuzkoarrak; eta Donejakue bidea egiten saiatuko balitz, “bere etxea” izango zen Gipuzkoako klubean berarekin bat egingo zuela agindu omen zion.

Oso pozik nago, halako batean, orduko asmo hura gauzatu dugulako”, adierazi zuen Olazabalek.

Minbiziaren eta covid-aren arteko konbinazio batek eraginda” ibilbide hau atzeratu egin behar izan zuela azaldu zuen Edmundek; Mallorcara oraintxe lau urte iritsi zela, eta han burutu zitzaiela astearte honetan hasi berri duen ibilbidea.

Bide “zail” baten hasiera omen da, abenduan Kantabriako Pedreña zelaiko 4. zuloan amaituko dena.