Villabona - Pedro Yarza Villabonako besamotza izan zen errebote jokalaririk onena eta ezagunena. Herriko pilotari handien zerrendan daude, era berean, Etxeniketarrak, Anjelito Ugarte, Ugartetarren hiru belaunaldiak eta Lertxunditarrak.

Errebotearen izarra izan zen Pedro Yarza Villabonan. Istripu baten ondorioz eskuin besoa galdu zuen eta pilotan ezker besoarekin jokatzeari ekin zion.

Lehenik eskuz jokatzen hasi zen, ondoren palan eta, azkenik, zestarekin profesionalizatu zen. Pilotari handi bilakatu eta Argentinara joan zen jokatzera, bertan Buenos Aires-eko Nacional eta Plaza Euskara pilotalekuetan jokatu zuen. Euskal Herrira itzuli zenean, 1883 urtean, Madrilen jokatu zuen Fiesta Alegre pilotalekuan eta Euskal Jain. Ondoren, Bartzelonan ere ibili zen, Beti Jai frontoian jokatuz. Tarteka Rio de Janeiron eta Parisen ere bere trebetasuna erakusten zuen. Euskal Herrian geratzea erabaki zuen euskal frontoietan jokatuz, eta Villabonan erretiratu zen. Kirola utzita abeltzaintzan aritu zen, 1898ko azaroaren 5ean hil zen arte.

Besamotza-ren jaiotzaren mendeurrenean, oroigarri gisa Villabonako plazan harri handi bat jarri zen, eta 2011 urtean, pilotaria jaio zela 150 betetzen zirela gogoratzeko, plaka bat jarri zen. Herrian pertsonaia gogoangarria izaten jarraitzen du Pedro Yarzak eta orain erraldoi bat ere badu bere omenez. Figura berriak egin ditu aurten Udalak eta berari eskaini dio erraldoi bat eta beste bat Amasako Iturrigoxoko emakumeari. - M.S.S.