(Ama) izatekotan ere...

'AMAraun' ikuskizuna sortu dute Amaiur Luluagak eta Oihana Iguaranek, Lanku enpresarekin, eta amatasunaren gaia mahai gaineratu dute, eredu anitzetan barneratuta. Izatearen ala ez izatearen gaineko hausnarketa bat ere bada, babes sare izateko intentzioa ere baduena

02.05.2022 | 16:54
Elkar sustengatzeko sare bat osatu nahi dute Iguaranek eta Luluagak.

Bertsoa eta dantza lagun dituztela, baina baita beste arte diziplina batzuk ere, amatasunaren gaia taularatu dute oraintsu Amaiur Luluaga dantzariak (Anoeta, Gipuzkoa, 1992) eta Oihana Iguaran bertsolariak (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1992) AMAraun ikuskizunean. "Hustuta, erditu berri bezala" sentitu dira, eta ez da gutxiagorako, gaiak ere horretara daramatzalako. Hain justu, ama izan edo ez izatearen gaineko hausnarketak mahaigaineratu dituzte; izatekotan ere nola izan, eta nola eutsi norbere izanari, hein batean nagusitzen den amatasun eredua arakatzeko nahia baitute.

Lanku enpresak ekoitzi duen pieza bat da, gonbidapena ere beraien eskutik iritsi zitzaien Luluaga eta Iguarani. Elkarrekin bildu ziren biak, eta zer egin zitekeen pentsatzen hastean, bete-betean egin zuten topo amatasunaren gaiarekin. "Aurrenekotik atera zen gai bat izan zen, justu biak topatu gaituelako amatasunarekiko momentu ezberdinean, horren inguruko pentsamendu asko jasotzen", azaldu du Luluagak.

Izan ere, Iguaran ama izan berri da, eta Luluagak ere gertuko du gaia. Horregatik, lanak badu autobiografiatik zerbait. "Ez da kasualitatea 30 urte bueltako bi emakumek autobiografiatik heltzea gai honi, uste baitut gaiak andre guztiak interpelatzen gaituela adin buelta honetan", adierazi du bertsolariak. Hala eta guztiz ere, zehaztu du nahiz eta auto darabilten, "nahiko soziala eta egiturazkoa" dela egoera, eta, beraz, beste askorentzako "kabida" izan dezakeela. "Ez da gure gauza bakarrik, gizarte moduan orokorrean daukaguna baizik", erantsi du. Bada, beraien esperientziaz harago, ama izateko edo ez izateko moduez, ikuspegiez aritzen dira, hala nola gizartean duen trataera aztertuz.


Euren esperientziaz harago, ama izateko edo ez izateko moduez hausnartu dute. Iurre Aranburu


Izatea bera baita lantzen duten gai nagusienetako bat emanaldian, edo bai behintzat Iguaranen arabera. "Badirudi adin tarte horren bueltan emakume bezala ez zarela osorik baldin eta ama ez bazara, eta ama izanik ere kezka handi bat da ea jarraitu dezakezun zure ohiko bizimoduarekin eta erritmoarekin: bat izateak zer dakarren, bestea izatea posible den ama izanik..., baina batik bat izatekotan nola nahi dugun izan edo nola ez".

Ereduetan barneratu

Izatearen gaineko hausnarketa horiek hizpide izanik, erakutsi ohi den amatasun ereduari "azpiak ateratzeko" nahia dute emanaldiarekin; izan ere, uste dute idealetatik harago jota, zenbait gai isildu eta hitz asko tabu direla. "Horiek oholtzaratu nahi ditugu, ohartzen baikara jende askok bizi dituen gauzak direla, baina bakardadean, bakoitzak bere etxe txokoan, eta, gainera, sarritan ez dago ongi ikusia gaia ateratzea ere", adierazi du bertsolariak. Beraz, zehaztu du horri ikusgarritasun puntu bat eman nahi diotela, hariak elkarri lotuta eta sarea "osotasunean" ikusita, nolabaiteko "dualtasunean" aritzen badira ere. "Sare hori izan daiteke babesten gaituen egitura bat, edo itotzen gaituzten sokak", gaineratu du Luluagak.

Bada, hortik tiraka, garrantzitsutzat jo dute gorputzak ere gogoan izatea, gaiak "amatasun biologiko batera" daramatzala ondorioztatuta, erditze eta erditze ondorengo batera zehazki. "Batetik, ez dugu erditzerik ikusi irudikatuta modu erreal batean, badakigu zer nolako irudiak agertzen diren pelikuletan, eta, bestetik, erditze ostea ez da existitzen", esan du Iguaranek. Are, uste dute ageri badira ere, edoskitzeak-eta "nahiko parodikoak" izaten direla. Beraz, horiek guztiak "aletu" nahi dituzte, eta dagokien presentzia eman. Bertsolariaren hitzetan, era horretan gorputz horien "potentzia eta indarra" aitortu daiteke.

Ikuskizuna, bidaia bat

Publikoak gai horiei buruz hausnartzeko parada izango du, helburuetako bat ere hori bera baita, baina, dena den, baliteke espero ez dezakeen ikuskizun mota bat izatea: ez da bertso saio bat, ez eta dantza emanaldi bat ere. "Bidaia bat da, musikarengatik eta sortzen den atmosferarengatik bertan murgiltzera zaramatzana; besterik gabe hori bizi behar da, hausnarketa irekiarekin eta beste", esplikatu du Luluagak. Haren arabera, "interakzioan dauden bi diziplina" dira bertsoa eta dantza, baina baita antzerkia bera ere. "Baditugu eszenografia elementu asko bidaia honetara garamatzatenak modu metaforiko batean". Are, gehitu du ikuskizunean badagoela aukera Iguaran dantzan ikusteko ere, nahiz eta bertsolariak aitortu duen "bere gabeziekin eta zailtasunekin" aritzen dela.


Bertsoa, dantza, antzerkia zein beste hainbat diziplina uztartu dituzte. Egoitz Bengoetxea


Dena den, egindako lan horren ahaleginak, zailtasunekin bada ere, merezi omen du. Dantza, bertsoa eta antzerkiaz gain, eskura dituzten bestelako baliabideak erabili beharraz jabetu baitira, zerbait ezberdina eskaintzeko asmoz. Bertsolariak azaldu duenez, ziur asko egongo dira antzerako ereduak Euskal Herrian, "zorionez artista on asko" dagoelako eta baita diziplina uztarketak ere, baina nabarmendu du gertuan ez dutela horrelakorik aurkitu.

Sortzerakoan, arnasbideak

Taula gainean agian ez, baina euskarazko literaturan bai, aspaldian landu izan da amatasunaren gaia, eta hori arnasbidea izan da 'AMAraun' piezarentzat ere. Batik bat Iguaran aritu da lan horretan. "Ni akaso gertuago egon naiz, eta premia sentitu dut beste eredu batzuk bilakatzeko; arakatzen aritu naiz, eta arnasa aurkitu dut lanketa feministetan, ama izan diren hainbat sortzailek egin dituzten kontakizun zintzoetan", uste baitu oraindik ez dagoela "ongi ikusia" zenbait gauza kontatzea.

Hain justu, hori bera izan dute beraiek ere asmo, arnasa eskaintzea, norberaren aukeren barruan bakoitzak ahal duena egitea, eta horri ere aitortza bat egitea.


Euskarazko literaturan amatasunari buruz landu dena arnasbide izan da piezarentzat. Iurre Aranburu


Eta, horretarako, musikak ere parte hartu du. Eñaut Zubizarreta musikariarekin batera aritu dira lanean eta, "memoria kolektiboan" amatasunari lotuta dauden zenbait kanta klasiko, herrikoi hautatu dituzte, berrirakurketa bat egin asmoz; besteak beste, Mikel Laboarenak, Xabier Leterenak eta Benito Lertxundirenak izan dira aukeratuak. "Beste ikuspegi batetik, barrutik, feminismotik berrirakurri ditugu, eta pixka bat gure gorputzetara ekarrita", zehaztu du Iguaranek.

Babesteko aukera

Bi artistek, beraz, babesa bera azpimarratu dute. Haien hitzetan, terapia puntu bat egon da sorkuntza prozesu horretan, hala nola elkar zaintzeko baliatu dutena, eta publikoarekin ere horri bide eman nahi izan diote. "Pertsona bat emanaldiko puntu batean identifikatuta sentitu daiteke, eta ikusi dezake ez dela pentsamendu edo uste batzuk dituen bakarra", azaldu du Luluagak. Haren arabera, eszenan gorputz batzuk dantzan ikusteak eta mezu bat hain garbi adierazteak lagundu dezake babes hori adierazten, eta, horregatik, mugimenduak ere badu garrantzia.

Eta bide beretik eutsi dio Iguaranek ere. "Fikzioak badu indar hori; jendeak bere gorputzetik kanpo ikustean eszena horiek, eta, gainera, intentzio batekin planteatuta, arnasbide izan daitezke; asmo hori daukate bederen, eta, besterik ez bada, elkarrizketa abiatzekoa". Are, horri ekin ahal izateko ere, eta publikoarekin nolabaiteko interakzioa erdiesteko, papertxo batzuk jarri ohi dituzte eskuragarri, nahi duenak berea idatzi dezan. Bertsolariaren arabera, asko aipatzen den kontua da hor ere babesa. "Nik uste dut elkartasun bat dela, ezta? Denon artean holako ahizpatasun edo sare bat sentitzea bueltan".

noticias de noticiasdegipuzkoa