KOMIKIAK badu erantsirik uste zabaldu bat: arraroaren ideia, baita frikiarena ere, akaso. Pentsa liteke komikiari lotutako ekitaldi bat ere are arraroagoa dela. Zer esanik ez, ohiko moldeetatik aldentzen bada, eta komiki-areto berezi gisa sailkatzen badute bere antolatzaileek. Hala bada, Iruñea eta Lizarra arrarotasun horren guztiaren hiriburua izango dira irail honetan zehar, urriaren 3ra bitarte. Izan ere, Nafarroako Komikiaren XII. Azoka inauguratu zuten larunbatean. Erakusketak, hitzaldiak, tailerrak eta liburu-sinatzeak antolatu dituzte aurtengo ediziorako.

TIZAk, Nafarroako komikiaren sustapenerako elkarteak, 2009an ekin zion aretoa antolatzeari, hain zuzen elkartearen helburu bertsuekin, eta denboraren poderioz, gero eta garrantzitsuagoa bihurtu da ekitaldia nafarren kultur-agendetan. Alberto Rodriguez (Barañain, 1982) 2017tik ekitaldiaren antolakuntzan dabil. "Berezia da Nafarroako Komikiaren Azoka", esan du Rodriguezek eta hariari eutsita hala azaldu du: "Normalean, hiruzpalau eguneko egitaraua antolatzen da, espazio jakin batean, eta salmentak dira ekitaldiaren ardatz nagusia". Rodriguezen hi-tzetan, alderdi komertziala bainoago, alderdi artistikoak hartzen du garran-tzia Nafarroako zitan, eta hori dela eta "arraroa" egiten zaio jende askori. "Erakusketak dira gure eskaintza nagusia, eta salmentak bertako liburu-dendekin antolatzen ditugu, liburu-sinatzeekin edo hitzaldiekin", erantsi du.

Hain justu, izaera berezi horrek iaz on egin ziela uste du antolatzaileak: "2020an pentsaezina zen 100.000 lagun batzen dituen areto-eredua mantentzea. Gure kasuan, areto txikiagoa eta sakabanatuagoa izanik, estatu mailan egin ahal izan zen gutxi horietakoa izan zen". 2021ean are indartsuago daudela adierazi du, iazko lanaren eta esperientziaren eraginez.

Urtez-urte, komiki-egileei omenaldiak egiteko, argitalpen klasikoen urteurrenak ospatzeko zein merkatuko berritasunak ezagutarazteko asmoz, Kondestable jauregian, Geltokin eta Lizarrako Fray Diego kultur etxean, beste espazio askoren artean, genero honekin loturiko eskaintza egon ohi da. Los apaches de París, komikiak, Nabarralde seriak edo Leo Verdura pertsonaiak erakusketa bana izango dute hil honetan zehar. "Nahi gabe, baina uneoro kontziente izanik, aurten inoizko sortzaile nafar gehien batu ditugu".

Zaplazteko sortzailea

Azken hiru urteetan gainera, aretoari beste bultzada bat emate aldera, Zart! izeneko aldizkaria kaleratzen dute. Urtero, gai bat aitzakia, 20 egileren bueltan lanean jartzen dituzte, komiki laburrez osatutako antologia bat egiteko. Ibilbide, estilo eta jatorri desberdinetako sortzaileak doako aldizkari batean bat eginik.

Beste komiki-areto batzuetan ikusitakoak imitatu nahian, Nafarroako ekitaldiak bere aldizkari propioa behar zuela adierazi du Rodriguezek: "Guk ere halako ekimena nahi genuen, eta jakin bagenekien buruhausteak ekarriko zizkigula", aitortu du. Hala eta guztiz ere, erantsi du "haratago" joateko anbizioa izan zutela eta Zart! aldizkarian batu nahi zituztela izen handiko egileak - Paco Roca edo Flavita Banana aipatu ditu adibidera - hasiberriekin edota sekula komikigintzan aritu gabeko artistekin.

Orain dela bi urte, azaldu du Barañaingoak, komikiaren munduari berari eskaini zioten estreinako zenbakia. Iazko edizioan, tarteak izan ziren, bere adiera zabalenean, aldizkariaren ardatz nagusia. Aurten, maskarari eskaini behar zioten "ezinbestean". COVID-19aren pandemiaren eraginez, musukoak ohiko egin zaizkigu, ideia horretatik abiatuta, interpretazio ugari egin dituzte aurtengo zenbakian parte hartu duten ilustratzaileek: antzinako Greziako tragikomedietako maskarak, superheroienak, gasaren kontrakoak, eta aski ezagunak diren birusetik babesteko erabiltzen ditugunak, esaterako. Zart! aldizkariaren 3. zenbakian bada, Araitz Urbeltz, Zaldieroa, Laura Perez Vernetti, Kike Infame edo Quan Zhou Wu egileen lanak batu dituzte. Ekitaldi kulturalaren barruan antolatutako ekitaldietara gerturatzen denak musutruk hartzeko aukera izango du haren editoreek "zaplazteko sortzaile" gisa definitu dutena.

Arraroez harago

Nafarroako egileez mintzatzean kalitate grafikoa azpimarratu du Rodriguezek: "Oso marrazkilari onak ditugu, baina nire ustez, edukian lan handia dugu egiteko oraindik". Gainera, uste du komikienganako zaletasuna gero eta zabalduago dagoela, jada ez dela umeen edo jende "arraroaren" kontua. "Gaur egungo animaziozko film eta telesail askok jatorrian komikiak dituzte eta horrek lagundu du jendea gerturatzen", mangaren adibidea ere gehitu du.

Gainera, hamarkadetan izandakoaren kontra, azpimarratu du emakume asko daudela bai sortzaile eta baita irakurle gisa. Hain zuzen, uste du oso maskulinoa izan dela komikigintza superheroien kontuekin, adibidez. Emakume komikigileak agertzen eta ezagun egiten hasi zirenetik, narratiba eta teknika berriak azaldu direla adierazi du. Nafarroako Komikiaren Azokan, aspaldi isilaraziak ziren horiei ere euren aitor-tza egiten saiatzen dira, era batera edo bestera.