Hika Teatroak eta Oinkari dantza taldeak sortu duten ikuskizuna gazteei buruz doa. Uztailaren 2an aurkeztu zen Kasino Zaharreko lorategian harrera oso ona izan dutela bermatu dute. Agurtzane Intxaurraga zuzendariak, pozik, jendeak bertakoa ez zutela espero adierazi du.

Ikuskizunaren izenburuak oso ondo deskribatzen du lanaren mamia. Izan ere, istorioa gazteen testigantzetatik, gazteek idatzitako testuetatik eta gazteek aukeratutako kantetatik abiatu zuten urte hasieran. Guztira hamar dantzari dira zuzenekoan parte hartzen dutenak, 16 eta 24 urte bitartekoak.

Haien ahotsa du lanak erdigunean eta publikoari hala sentiaraztea du xede. Azken urte honetan "oso estigmatizatuta" egon den kolektiboa izan da gazteena eta Intxaurragaren arabera, ikuskizun honek haien desadostasunak plazaratzeko aukera eman die nolabait, "zerekin ez zaudete konforme? Zer duzue buruan?" galderetatik abiatuta.

Urtarrilean hasi ziren Gazte sortzeko lanetan, "su txikian". Egun, bizitza esperientzia azkarrez beterik dagoen arren, arte biziek "hala izan behar dute eta are gehiago ikuskizun bat zerotik hasten duzunean". Hortaz, azken hilabete hauetan entsegu asko egin dituzte, alabaina, gehiago izan dira gazteen desadostasunen eta emozioen inguruan sormen laborategian egindako hausnarketak. Eta zirrara horiei gerora mugimendua jarriz joan dira gutxika-gutxika lana eraikitzen. Hala, ikuskizun hau "biluzte emozional" bat bilakatu da zuzendariaren arabera, norberaren ideietatik abiatu baitute eta hori "erronka handia izan da". Denek emozio berdinak izan arren, "batzuk garatuago izan ohi ditugulako". Lengoaia propio batetik haserrea, ilusioa, egonezina eta plazera aldarrikatzen dituzte protagonistek taula gainean.

Elkarlanean sortutakoa

Dantza taldeari bestelako ikuspuntu bat emateko helburuaz hasi zen Oinkariren eta Hikaren arteko elkarlana duela zortzi urte eta ordutik hiru izan dira guztira sortutako lanak: Itsasoaren emazteak 2013an, Sagartu 2017an eta Gazte oraingoan.

Aurrekoekin zerikusi gutxi du uda honetan aurkeztutakoak, Intxaurragaren asmoa etengabe deserosotasunetik alde egitea eta erronka berriak probatzea delako. Gainera, teatroa "bizirik" mantentzeko modu bat ere badela aitortu du. Aurreko sormen lanetan baziren dantzariek bete beharreko paperak, hots, rolak. Oraingoan Lierni Kamio, Aiora Escudero, Fermin Escudero, Gorka Duran, Amaia Aizpurua, Beñat Monfort, Maitane Irurzun, Izaskun Aizpurua, Aimar Garaiar eta Lide Bengoetxea dira protagonistak, haien izen eta abizenekin.

Aurreko ikuskizunetatik aldentzeko, oraingoan lengoaia bera proposatzeaz gain, musika mota ezberdinak jorratu dituzte. Ondorioz, eskusoinua eta euskal erritmo ohikoak alde batera utzi gabe, Zigor Lamprek (DJ Zigor) eta Dj Martin Littlek sortutako musika elektronikoa entzun ahal izango da zuzenean. Halaber, Eneko Dieguez 16 urteko saxofoilariaren musikak ere presentzia handia izango du. Handia da Hika Teatroak euskal kulturarekin duen konpromisoa, hala eta guztiz ere, antzerkia arte bizia dela defendatzen du Intxaurragak, eta hortaz, interpretatutakoa berrinterpretatu egin behar dela dio, apur bat bada ere, tradizioa berriztuz.

Euskal dantza abiapuntu hartuta, dantza garaikidera zein modernora salto egin dute oraingoan gazteek, Eneko Gilek gidatutako koreografien bitartez. Dantzariek duten "ausardiaz" baliatu dira gorputz mugimendu berriak ezagutzeko eta kaleko ikuskizuna izanda, kaleko dantzari ere garrantzia emateko, estetika eta lengoaia propio baten bila jarraitzeko asmoz. Lantaldeari dagokionean, eszena barruan zein kanpoan dauden guztiek osa-tzen dute Gazte ikuskizuna Intxaurragaren arabera, denek egindako lana garrantzitsua baita eta horri esker kolektibo handi bat bilakatu dira.

Eremu publikoan

Zuzendariaren ustez, publikoarekin arinago mediatzen da kalean aretoan baino, eta horregatik 2017an aurkeztutako Sagartu ikuskizunaren antzera, Gazte ere kalean, herriko plazetan, aurkeztea erabaki dute. Eremu publikoan egiteak ere badu bere aldarrikapena, izan ere, azken urte honetan bizitakoa buruan, kaleaz eta espazio publikoaz berriro gozatzeko aukera eskaini nahi du lan honek. Gainera, normalean "kosta egiten da" gazteak antzokietako eserlekuetara erakar-tzea eta horregatik alderantzizko bidea egin eta antzerkia bera izan da kalera irten dena, adin guztietako herritarrak teatrora animatzea xede.