Mikelote eta Pantxo, bikote komiko banaezina

11.11.2020 | 22:02
Azaroaren 10ean eta 11n estreinatuko dute 'Ez dok ero' Arriaga antzokian.

Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreak antzezlan berri batekin datoz. "Euskal Herriko antzoki batean, zeinaren izena ez dudan gogoratu nahi..." esaldia aukeratu du Tartean teatroak antzezlan berriaren "promorako". Kartela iradokitzailea da, inondik inora ere: eroetxeetako alkandora hertsigarria, eta ezagun egiten diren Erdi Aroko bi kapela, aurpegi gabeak, ordea. Elementuok guztiek elkarrekin Cervantesen On Kixote klasikoaren oihartzuna dakarte burura. Hain zuzen ere, hori izan baitu Patxo Telleriak (Bilbo, 1960) Mikel Martinezekin batera (Lizarra, Nafarroa, 1955) Ez dok ero antzezlanaren abiapuntu. Jokin Oregik zuzendu du bikote banaezinaren azken lana.

Antzezlan berri honetan, urteak eta urteak elkarrekin eman ondoren, euren ibilbidearekin amaitzea erabaki duen bikote artistikoaren azalean jarriko dira Telleria eta Martinez. Haien formula artistikoa agortu delakoan eta belaunaldi gazteenek lekua hartu dietelakoan. Batak, Pantxok, ondo hartu du atsedenerako erabakia. Mikelotek, aitzitik, bizitza osoa antzerkigintzan aritu ostean, eroturik kasik, ezingo dio oholtza abandona-tzeari ukorik egin. Kostata, baina konbentzituko du bidaidea, helburu argi batekin: herriarentzako antzerki sakona eta esanguratsua egitea. Hala bada, On Kixote eta Santxo euskaldunek Euskal Herria ezker-eskuin gurutzatuko dute abenturaz abentura, road movie berezi honetan: Donostiako danborradan izango dira, Arantzazuko santutegian, Iruñeko kanta lehiaketan, bai eta Martuteneko espetxean giltzapeturik ere.

Ez dok ero obra autobiografikoa dela pentsatzea ez dago soberan. Hain zuzen ere, Patxo Telleriak ideiaren abiapuntuari buruz azaldu duenez "gutaz, gure ibilbideaz eta guk antzerkian dugun tokiaz hitz egin nahi nuen". Eta hala erantsi du Martinezek: "Gehienbat gure harrikadak ditu oinarri". Funtsean, euren urteetako ibilbideari atzera begirako bidaia bat proposatzen dute, umoretik betiere, eta fikzio askorekin. Zilegi da, hortaz, autoparodia gisa sailkatzea. Erotzen joateren ideia aipatu du Telleriak, On Kixote klasikoarekin nolabaiteko alderaketa bat eginez: ''On Kixote eta Santxo ere bikote artistiko eta komikoa dira, gure moduan''.

Ez dok hirutik, erora Ezagun egin dakioke ikusleari obraren izena, Ez dok ero. Tartean Teatroaren Ez dok hiru adarra osatzen dute Martinezek eta Telleriak. Hain justu, izen bereko antzezlan arrakastatsua aurkeztu zuten orain dela hiru urte. Euskal Herriko txoko desberdinetatik 80 emanalditik gora egin dituzte.

Ikuskizun berriaren izenak, beraz, "pistak" ematen dituela iradoki du Martinezek, izan ere, Ez dok hiru markaren atzean ikusleek aurkituko duten formatuaz eta umore motaz asko esaten baitu. "Ikusleek espero dezaketen formula aurkituko dute, baina sorpresekin". Kasu honetan kontrara, erokeria izango dute hizpide: "Beste antzezpen batzuetan euskara bera edo euskararekin lotutako gaiak izaten dira lantzen ditugunak", esan du Martinezek, eta hala erantsi du: "oraingoan, guri buruzko parodia bat egin nahi genuen".

On Kixoteren arketipoa, ordea, oinarri bat baino ez dela azpimarratu du Telleriak. Hala ere, uste du antzezlan berriaren pertsonaiek euren errealitateko izaerekin ere bat egiten dutela. Pantxo, Patxo Telleriaren alter egoa, "lurrekoa" litzateke. Mikelote, berriz, "airekoa", eroagoa alegia, On Kixote bera bezala baita, Mikel Martinezen modura. "Nik uste dut ni Patxo baino Kixoteago naizela, eta Patxo ni baino Pantxoago". Kideak, ordea, ez dira ados jartzen, euren rolekin bat datozen pertsonaiak esleitzerakoan. Lagunek zaldunarekin lotu zutela adierazi baitu Telleriak lanaren berri izan zutenean: "Zu On Kixote izango zara, ezta, Patxo?". Erreplika egiteko elkarrekin bizitako batallitak kontatzeari eutsi ezinean Martinezek: "Patxo, zuk batzuetan erotua banengo bezala begiratzen nauzu eta!". Gaztelako zaldun bikotearen modura aritu dira bilbotarra eta nafarra, aspaldiko gorabeherez eta elkarri mokoka.

Urteak eta urteak dira elkar ezagutu zutenetik. Neurria hartua diote elkarri jada. Esperientziarekin ikasi dute noiz dituen besteak egun onak eta noiz okerragoak. Ez dira gutxi batera egin dituzten emanaldiak, bikote gisa 2003an hasi zirenetik: Euskara sencilloaren manifestua, Larru haizetara, Euskarazetamol, Pankreas, Ghero€ Orohar, Telleriak izaten du testua erredaktatzeko ardura, nahiz eta ideia bien artean sortu edo elikatzen duten. "Kontuan hartzen dut nolakoa den gutako bakoitza, eta nola elikatu ditzakeen besteak eszenak". Bakoitzari berea aitortu dio Martinezek: "Izugarrizko gaitasuna dauka Patxok gure umore berezi hau gidoian isla-tzeko" eta ildo beretik erantsi du: "Formula berdinarekin, gauza eta sorpresa berriak sor-tzeko habilidadea du". Bere aldetik, konforme ez daudenean, mugak jartzen ere badakitela esan du Lizarrakoak "arazorik gabe, edo arazoekin", baina, elkarri esan beharrekoak esaten dizkiote. Konplizitate sendoa lortu dute urte hauetan eraiki duten lan eta lagun harremanean.

GelditU ezinik Konfinamenduak ez zituen antzezleak geldiarazi. Etengabeko prestakun-tzan egon dira. Ate handitik bueltatu ziren oholtzara ekainean, izan ere, itxialdi osteko Arriaga Antzokiko lehen emanaldia haiek egin zuten, Ez dok hiru ikuskizunarekin. Ezin geldirik dabiltza, nork bere ikuskizunekin. Mikel Martinez Tabernaria bakarkako lanarekin ere, eta estreinatu berri duten Ama Kuraia-rekin dabil. Bestetik, han eta hemen dabil eskaintzen Patxo Telleria Simplicissimus kabareta. Arriagan aurkeztuko dute datorren astean, emanaldi bikoitzarekin, Ez dok ero. Osasun larrialdiaren bilakaera okertu ezean, antzokiz-antzoki eta aretoz-areto ibiltzeko asmoa du bikoak: Astigarraga, Burlata, Agurain, Igorre edo Leioa bisitatuko dituzte, besteak beste, urte amaiera bitartean. Dena ondo bidean, 2022ra arte, behintzat, luzatuko dute euskal road movie eroaren bira.

Etorkizun ezjakinak ordea kezkatzen ditu. "Hain da zaila planak egitea, ez baitakigu nolako egoera izango dugun datozen hilabeteetan", Telleriak. Antzezlanak momentuz jasotako aurreikuspen eta espektatiba onak azpimarratu dituzte, baina zalantza askorekin, betiere: "Ezin da jakin". Alarma egoeraren berrezarpenarekin, hartutako neurri berriek kultur emanaldietarako zailtasunak areagotu dituela uste du Martinezek. Horregatik dei egiten du antzerkira joateko: "Ogia oso garrantzitsua da. Eta oso garrantzitsua da, halaber, kulturaren ogia".

Etengabeko gorakada Momentuz, teloiak igotzean dena emango dutela iragarri dute. Gainera, euskal antzerkiak "momentu ona" bizi duela adierazi dute Tartean teatrokoek: "Lan asko egiten dira euskaraz, eta oso onak". Artedrama edo Ttanttaka konpainiak ekarri dituzte adibide gisa. "Orain emanaldiak lotzea gehiago kostatzen baldin bazaigu, konpainia eta antzezlan gehiago daudelako da", onartu du Martinezek. Antzerkiaren gorakada Euskal Herrian "ukaezina" dela esan du Telleriak, "eta ez soilik kantitatean, kalitatean ere". Bide onetik doa sarri gutxietsia izan den diziplina artistikoa, beraz.

Hasi da atzera kontua antzezleentzat. Azken egunak dituzte lana fintzeko jendaurreko estreinaldia egin baino lehen. Atzera begirako kontuez gain, euskal kulturaren eta jendartearen keinuak ekarriko dituzte taulara. Gehiegi aurreratu gabe ere, "jendeak ongi pasako du, ziur" uste du Martinezek. "Lana kontatzea baino, lanak eurak kontatzen dira" gaineratu du bilbotarrak. Hala bada, Patxo Telleriaren eta Mikel Martinezen azken lana ikusteko gonbita luzatu dute.