Musika elektronikoa eta dantzatzea ikaragarri gogoko dute Bego Aldalurrek eta Ines Garciak. Festarik festa ibilita, berehala ohartu ziren dantzalekua ez zela espazio erosoa beraientzat; ez beraientzat, ezta oro har emakumezkoentzat ere. Bizipenak teorizatu eta ekintzara pasatzea erabaki zuten orduan: Krii kolektiboa sortu zuten 2018an. Geroztik, jai propioak antolatuz, nahiz andra disko jartzaileen arteko sarea ehunduz, dantzalekuan "asko eta eroso" sentitzeko borrokan dihardute ingurua astintzen.

Dantzalekua eta musika elektronikoa ez direla emakumeontzako esparru seguruak. Hori baieztatu duzue, irmoki. Zerk egiten ditu espazio horiek ez seguru edo deseroso?

- Bego Aldalur: Gauetan ateratzen hasi ginenean, hasieran batez ere biak bakarrik ateratzen ginen; eta ikusten genuen, hasteko, neskak oso gutxi zirela. Bai dantzalekuan eta baita disko jartzaile edo artista moduan. Gero, berehala ikusten ginen bakarrik dantzalekuan, eta hurbiltzen zen molestatzera gizonen bat. Lehen agian ez genituen gauza horiek komentatzen betiko gauzak zirelakoan, baina momentu batean hasi ginenpartekatzen eta ohartzen besteei berdina gertatzen zaiela eta berdin pentsatzen dutela; eta zergatik denoi pasatzen bazaigu ez dugu ezer egiten aldatzeko? Edo, zergatik ez da aldatzen?

Deserostasunei bide emateko sortu zenuten Krii. Erreferenterik izan duzue?

- Ines Garcia: Discwoman kolektiboa da gure eredua. Beraien lana ezagutzen genuen. New Yorkeko DJ kolektibo bat da eta festak antolatu, disko jartzaileen ibilbideak kudeatu etab. egiten dute, eta beraien ideologiak eta lan egiteko moduak erreferente bat ziren.

- B.A.: Asmoa zen egitea sukurtsal moduko bat Donostin. Beraiek egiten dute eskala askoz ere handiagoan, noski, baina nonbaitetik hasi behar da, eta lehenengo gauza da zure esparruan eta zure inguruan ondo sentitzea. Guk hor zeozer egiterik badaukagu, behintzat hemen ateratzen garenean pixkat bat erosoago eta lasaiago egoten saiatzeko.

Izan ere zuen dantzaleku nagusia Donostiako Dabadaba aretoa izan da. Zer nolako harremana duzue Dabadabarekin?

- I.G: Dabadaban egiten dugu gure gaueko aisialdia normalean, eta bertako arduradunei esan genien kolektibo bat sortzeko asmoa genuela eta festak antolatu nahi genituela. Oso harrera polita egin ziguten, eta horrek lagundu du pila bat kolektiboa gauzatzen. Bestela, bai izan daiteke juntatzen gara eta teorizatzen dugu gu seguruago sentitzeari buruz, baina hau ez bada praktikara eramaten ez dauka zentzurik.

Tresna praktikoak sortu dituzue deserotasunekin hausteko bide horretan: Krii manifestua eta protokoloa.

- B.A: Dabadabarekin lan egin genuen protokolo batean komentatzen zer gauza ikusten ditugun guk gertatzen direla gauean aretoetan. Hori egiteko Bartzelonan atera zuten No callem izena duen protokolo bat, eta hori eredutzat hartu genuen eta egokitu genuen Dabadabara. Protokolo horrekin lortu nahi genuen ikustea ze dinamika ematen diren aldatu behar direnak, eta baita ere aretoko langile guztiek jakitea gauza horiek gertatzen direla. Jarrera batzuk hain normalizatuta daude, jendeak ez dituela igarri ere egiten.

- I.G.: Badakigu ia utopikoa dela segurtasun egoera perfektu bat lortzea, baina gutxienez egon dadila kontzientzia bat. Dabadabara joaten denak badaki zer nolako araudia dagoen aretora sartzen den momentutik. Guk argi daukagu zer nolako jarrerak ezin diren onartu dantzalekuan, baita bertako langileek ere, baina gerturatzen den jendea ez bada inplikatzen ez dauka zentzurik horrelako lan bat egiteak.

Nolakoa da Krii jaialdietako giroa? Osasuntsuagoa beharbada?

- B.A.: Ez dakit zer den dagoena gureetan eta ez dagoena besteetan, baina uste dut pixkanaka jendea ari dela ezagutzen zer den Krii eta zer balore ditugun eta matraka gehiegi eman gabe, esplikatu gabe igartzen dute hori. Nik uste dut, eta gainera hala esan digute, jendea askeago sentitzen dela edo lasaiago dagoela gure jaialdietan.

- I.G.: Jaialdietan egiten dugun aukeraketak esaten du nolakoak garen. Hartzen ditugun erabakiekin bagoaz publiko mota bat sortzen.

Esan daiteke 'zuk zeuk egizu' filosofia horren bidez edo lortu duzuela, batzuetan bada ere, dantzalekuan eroso sentitzea?

- I.G.: Bai, eta ni ahaldunduta sentitzen naiz; hau da, nik ikusten badut gizonezko bat emakumezko bat molestatzen ari dela edo jarrera desegoki bat edukitzen ari dela, nahikoa indartsu sentitzen naiz joateko eta hari esateko: "Aizu hau gaizki dago. Festa honetan hau ezin duzu egin eta kalera joango zara horrela jarraitzen baldin baduzu".

Zuen jaialdietan disko jartzaileak emakumezkoak izaten dira. Nola egiten duzue hautua?

- I.G.: Normalean guk programatzen ditugun jaietan egoten da kanpoko DJ bat, eta gero saiatzen gara inguruko DJ bat ere ekartzen eta gutako batek ere pintxatzen du. Saiatzen gara ingurukoei artistei espazio bat ematen. Ez da erraza, Euskal Herri mailan ez baikara hainbeste. Mundu mailan badaude pila bat, baina egia da somatzen dugula bertakoen falta.

Baina zaudetenon artean sarea sortzen saiatzen zarete.

- B.A.: Bai, komunitatea. Harremanak sortu eta ikuspuntu berdina daukagun jendearen artean elkar laguntzen saiatzen gara. Da mundu bat ez dena oso ezaguna eta ibili behar zara erlazio pertsonalak egiten; baina horren oso alde gaude.

Mundu ezezaguna diozue, zergatik?

- B.A.: Lantzen ditugun gauzak edo esaten ditugunak ez dira jendeak entzun nahi dituenak. Esaten dugu ez gaudela seguru dantzalekuan, nahi dugula gure espazioa lortu€ Horrelakoak entzuteak jende multzo bati molestatu egiten dio eta deseroso sentiarazten dira pertsona asko. Ibili behar zara zirrikituak bilatzen, gehiago mugitzen eta harreman pertsonal gehiago sortzen.

- I.G.: Elektronikak Euskal Herrian badu presentzia nahiko indartsua egun, baina oraindik ikusten duguprogramatzen ditugula emakume oso potenteak eta jendea falta dela dantzalekuan. Kontu historiko bat da. Musika elektronikoa ez da oso ondo ikusia izan Euskal Herrian, eta zigortua ere izan da, eta horrek baditu ondorio batzuk gaur egun.

Bi urte dira kolektiboa sortu zenutela, zein unetan zaudete?

- B.A.: Osasun egoera dela-eta pixka bat standby batean geratu gara eta gure prozesua gelditu egin da, baina ikasi duguna hor dago, ez dugu ahaztu, eta itzuliko gara. Ez dakigu noiz, baina itzuliko gara.