UNEDek omenaldi hunkigarria egin zion atzo Madrilen Patri Urkizu idazle eta irakasleari. Urkizu urtetan izan zen unibertsitate horretako irakasle Humanitateetan, eta eraikin horretantxe aurkeztu zuten Revista de Lenguas y Literatura Catalana, Gallega y Vasca aldizkariaren 30. alea. Argitalpen horretan kolaboratzaile izan zen Urkizu, eta, kaleratu berri den alea, 2024ko abenduan hil zen Lezoko idazleari eskainia diote. Are gehiago, besteak beste Gorka Bereziartua, Ramón Etxezarreta, Elixabete Pérez Gaztelu eta Aizpea Goenaga idazleek filologoaren bizitza eta ibilbideari buruz idatzitako testuak biltzen dituen ale horretan, Urkizuren beraren testu argitaragabe bat ere txertatu dute, bere garaian aldizkarira bidali eta ahaztuta geratu zena. Aste egunak euskaraz eta beste zenbait hizkuntzatan izeneko artikuluan, Euskal Filologiako doktoreak Bordeleko Guyenne ikastetxeko irakasle batek 1556an argitaratutako Elie Vinet argitalpena aztertzen du, huraxe baita asteko egunak euskaraz zerrendatzen dituen lehen idazkia.
Rubén Chacón Beltrán UNEDeko Filologia Fakultateko dekanoak eman zion hasiera atzoko ekitaldiari, Patricio Urkizu: un homenaje necesario izeneko hitzaldiarekin. Jarraian, Antonio Moreno Hernández Filologia Klasikoko Saileko zuzendariak, Patricio Urkizu y los estudios de catalán, gallego y vasco en el Departamento de Filología Clásica ponentzia irakurri zuen. Jenaro Costas Rodríguez, Júlia Butinyà Jiménez eta Joan Miquel Ribera Llopis berriz, aldizkariaz, hizkuntza eta kultura periferikoen ikerketez eta, zehazki, Urkizuk UNEDen euskal filologiari egindako ekarpenaz mintzatu ziren. EHUren izenean, Mari Jose Olaziregi Alustiza ikertzaileak Patricio Urkizu, pasión por los estudios vascos hitzaldia eskaini zuen, eta ekitaldia amaitzeko, Urtzi Urkizu Berriako kazetari eta omendutako idazlearen semeak hartu zuen hitza.