Dena posible dela dioten horientzat, mezu bat zabaldu nahi du Iñigo Martinez Peña filosofoak. Mezua baino gehiago, pentsamendu horren aurkako sistema aurkeztu du bere azken saiakeran. Ezinezkoaren alde agertu da eta, ondorioz, Mr. Wonderful filosofia dei genezakeen horren kontra. Elkar argitaletxeko editore Xabier Mendigurenekin batera, Martinez Peñak berak aurkeztu zuen bere saiakera berria, atzo Donostian. Errealitatea eta espero zenaren arteko hutsuneei begira jarri da pentsalaria. Hain zuzen ere, “hausturei” buruz hitz egiten du saiakeraren azpitituluak: Hutsuneak egungo bizimoduan.
“Nahi baduzu, egin dezakezu!” edo “Zugan sinesten baduzu, lortuko duzu!” eta antzeko baieztapenek, edo “Nothing is impossible” eta “Just do it” bezalako leloek zer pentsatu ekarri diote filosofoari. Bizimodu hipermodernoak eta pantailek gainezka egiten duten garai hauetan, Ezinezkoaren alde saiakera “betetasun” sentipenak zulatzeko bidea dela uste du Martinez Peñak. “Gure garaiak ukatu eta baztertu egiten du ezinezkoa”, azaldu zuen autoreak. “Mantra” horiek zalantzan jartzea izan da egilearen hautua, “arnasgune” berriak sortzeko helburuarekin. Bere ustez, ideologia horren guztiaren atzean “frustrazio” eta “nekezia” handia omen dago.
Ideia horiek gizartean orokortu direnean, ez datoz bakarrik “sistematik”. Martinez Peñak “auto-superazioa” modan dagoen zerbait dela uste du. Hori bai, horrek dakartzan ondorioei arretaz erreparatu behar zaiela gaineratu zuen: “Erabateko auto-exijentzia”, “nekezia”, “errudun sentimendua ez garelako inoiz heltzen heldu beharreko horretara”, “estresa edo burnout-a”...
Hala eta guztiz ere, baikor agertu zen filosofoa. Haren ustez, ez dago dena esanda, gizartea kontraesankorra ere bada, eta “emankorrak” izan daitezken zirrikituak ere erakusten omen ditu noiz edo noiz.
19 atal, 19 hutsune
Ezinezkoaren alde-k 19 atal ditu eta horietako bakoitzean gai baten inguruko hutsuneak aztertu ditu, “zentzu subertsibo edo emankorrean”. Besteren artean, ezagutza, maitasuna eta osasun mentalaren inguruko zirrikituak bilatu ditu.
Ezagutzaren kasuan, esaterako, “ezagutza absolutua ezinezkoa” dela adierazi zuen, “giza jakituriak hu-tsuneak dauzkalako”.
Maitasunari dagokionez, “maitasun erromantikoa” jarri du auzitan. Betetasunari itxaron baino hobe, hutsuneak konpartitzearen aldeko jarrera, esan zuen filosofoak.
Osasun mentalari buruz “zorion perfektuaren promesa” horretan, bakoitzaren “sendaezina ere onartzea” badagoela adierazi zuen. “Osotasunaren gaiztotasuna bizi dugula uste dut, betetasunaren egarria. Orduan, kapitulu bakoitzean, betetasun ezaren laudorioa egiten da”, esanez bukatu zuen Martinez Peñak agerraldia.