Loraldia jaialdian Jonan Ordorika omenduko dute martxoaren 12an
Ruper Ordorika, Hiru Truku, Anari, Mice–Miren Narbaiza, Rafa Rueda eta Tapia eta Leturia arituko dira Bilbon
Ruper Ordorika duela hamarkada batzuk abeslari zuen Hiru Truku folk hirukotea, Anari, Mice–Miren Narbaiza, Rafa Rueda eta Tapia eta Leturia artistak Bilboko Arriaga Antzokian izango martxoaren 12an, Loraldia Festibalaren gerizpean, 2023ko udan hil zen Jonan Ordorika soinu ingeniari eta ekoizle oñatiarraren figura gogoratzeko.
Aipatutako musikari horiek irudikatuko dute euskal musikak orokorrean Jonani eskainiko dion omenaldia, Jonanen osotasunak, zintzotasunak eta profesionaltasunak bizirik jarraitzen duelako berarekin grabazio eta agertoki orduak partekatu zituzten hainbat eta hainbat artistaren gogoan: besteak beste, bere anaia Ruper eta Joseba Irazoki, Rafael Berrio, Gose, Willis Drummond, Joseba B. Lenoir, Tenpora, Rafa Rueda, Betagarri, Joxe Ripiau, Glaukoma, Audience, Joserra Senperena...
Zerrenda amaigabea da, eta hark utzitako ondarea suntsiezina bezain etsipenez oroitua eszena euskaldunarentzat. Hori dela eta, Loraldia Festibalak Jonan Ordorika gogora ekarriko du datorren martxoaren 12an, 19:30ean, Arriagan egitekoa den musika ikuskizun hunkigarriarekin. Mila esker, Jonan Ordorika jarri diote izenburu hitzordu hunkigarriari, eta hantxe izango dira agertokiak eta proiektuak teknikariarekin partekatu zituzten aipaturiko artistak, Jonanek utzitako ondarea eta euskal musikari egindako ekarpena ospatzeko.
Ruper eta beste hainbat musikari
Euskal musikak bat egin du gorazarre ekimen honekin; osatu den kartela errepasatu besterik ez dago: Anari Hernaniarra bertan izango da, Miren Narbaiza Eibartarra, Rafa Rueda, Tapia eta Leturia bikotea, bai eta XX. mendearen amaieran Ruper Ordorikak, Joseba Tapiak eta Oskorriko kide ohi Bixente Martinezek osatu eta hiru disko atera zituzten -azkena 2004an- Hiru Truku ere. Jaialditik iragarri dutenez, “emozioz eta esker onez osatutako 100 minutuko musika gaua” eskaintzeko elkartuko dira horiek guztiak oholtza gainean, helburu garbiarekin “Jonan Ordorikari aitortza eta oroitzapena eskaintzea, bai eta euskal musikaren atzealdean lan egiten duten soinu teknikari guztiei ere, musikaren magia posible egiten duen orori esker ona adieraziz”.
Ruper Ordorika: “Jonanen heriotzak beste aro bat ekarri du niretzat”
Mamia Estudioa sortu zuen Jonanek, eta Katarain estudioetan kolaboratzaile hestua izan zen; azken hamarkadetako euskal musikaren ekoizle eta soinu teknikari garrantzitsuenetako bat izan zen. Egunkari honi elkarrizketa batean aipatu zionez, bere irakasle eta eredu izan zituen Fernando Saunders –Lou Reeden ekoizle eta baxu jotzailea, Transformer diskoa entzun zuenetik Jonanen musika-idoloa izan zena– , eta Paco Loco, Australian Blonde taldekide ohia eta estatuko indie belaunaldiko musikarien kolaboratzailea, baita euskaldun zenbaitena ere, hala nola Anari, Bide Ertzean, Don Inorrez edota Revolta Permanent.
Musika euskaldunaren historian lorratz aberatsa utzi zuen teknikari eta ekoizlea, Jonan Ordorika oñatiarra 2023ko udan hil zen.