Larunbat honetako arratsaldeko 17:00etan puntan hasi da aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala eta ordu erdi faltan itxura paregabea zeukan hitzordu handia hartu duen Donostia Arenak. Sarrera guztiak aurrez saldu ez diren arren, guztira ia 7.000 bertsozale inguru elkartu dira gaur Illunbeko zezen plazan, zortzi protagonistak oholtzaren gainean ikusteko: Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Ane Labaka, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe, Oihana Iguaran, Andoni Rekondo eta Aner Peritz Euzkitze.

Finalak ikusmin handia sortu du eta horren erakusle izan da ateak ireki orduko Donostia Arenako harmailak bertsozalez betetzen hasi izana. Bertsolari bakoitzaren zalerik sutsuenak izan dira lekuak hartzen goiztiarrenak eta ondo agerian eskegi dituzte animoak emateko pankartak; nabarmenenak, lehen aldiz abestuko dutenen Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo eta Aner Peritzen aldekoak dira. 

Saioa hasi aurretik, oholtzaren aldamenean ikusi ditugu zortzi bertsolariak, bakoitza trantzea ahal bezala pasaz. Ikusle eta adituen artean txapelerako faboritoez galdetuta, gehienek bi izen azpimarratzen dituzte besteen gainetik: Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin. Biak ala biak ere, Gipuzkoako finaletan esperientzia gehien pilatzen duten bi bertsolariak. Dena den, guztiek azpimarratzen dute gainerako 6 bertsolarietatik edozeinek eman dezakeela sorpresa.

Kultura esparruko aurpegi ezagunak eta txapeldun eta finalista ohi asko inguratu dira Donostia Arenara, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa bertatik bertara ikustera, batzuk aipatzearren, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Iñaki Murua edo Aitor Sarriegi. Erakundeetatik, hainbat ordezkari gerturatu dira, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia buru.

Iluntzeko 20:30ak ingururako jakingo dugu txapeldunaren izena, eta Arantzazu Loidi bertsolari atxabaltarra arduratuko da irabazleari txapela janzteaz.

93

📸 Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala: irudi onenak Arnaitz Rubio