Eskoriatzako Almen ikastolan sortu zen orain dela 50 urte lehen bertso eskola. Bertan aritu zen Arantzazu Loidi eta, gerora, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa irabazi zuen 1985ean. Garai bertsuan, plazetan ere aritu zen, plazarako saltoa eman zuen lehen emakumea izan zelarik.
Txapeldunari txapela jartzeko ardura izango duzu Illunbeko saioan. Nor uste egongo da urduriago, irabazlea ala zu zeu?
Irabazlea, noski. Nik ez dut ezer jokatzen. Asko jota hunkitu egingo naiz. Baina ez, urduri ez naiz jarriko. Oraingoz ez nago urduri, behintzat. Eta txapela jantziko duenak ere aurrez pasako zituen urduritasunak. Gerora, momentu horretan poza besterik ez du sentituko.
Baina, diozun moduan, zinez hunkigarria izango da, ezta?
Bai, hori bai. Ez dut irudikatzen hainbeste jende dagoen lekuan, saio oso bat pasa eta gero, han biziko den emozio guztia; ziur giroa oso bero egongo dela. Momentu txundigarria izango dela iruditzen zait. Ez dakit. Finalaren ondorengo astelehenean erantzungo dizut (barreak)
Finalerdiak jarraitu dituzu?
Hedabideetatik, gehien bat, baina Arrasateko saiora bai, joan nintzen.
Baduzu faboritorik ala ezin da esan?
Ez daukat, bene-benetan. Iruditzen zait maila izugarrizkoa dela. Zortziren artean dago jokoa. Gainera nahiago dut faboritorik ez eduki.
Zure iritziz erronka estua izango da, beraz?
Bai. Finalera sartzeko ere oso puntu gutxiko aldearekin ibili dira batzuk. Gero, saioaren arabera, puntu gutxiren aldearekin gelditu daitezke sistemak berak dakarrenaren ondorioz. Azken batean, bertso bakoitza puntuatzen denaren arabera eta batuketaren arabera, lehia estua egon liteke.
Egin dezagun historia pixka bat. Bertso eskolak hasi zirenetik 50 hamar urte bete dira aurten. Zu han hasi zinen, ezta?
Pixka bat geroago hasi nintzen, baina bai. Eskoriatzako Aldama ikastolako hiru gurasok abiarazi zuten. Eskolaz kanpoko ekintza bezala bertsolaritza jartzeko ideia bururatu zitzaien.
Zu kaletarra zinen, ez baserri girokoa?
Ez, baina gurasoak bai. Gure taldean uste dut guztiok ginela kaletarrak, hori bai, gurasoak baserri mundukoak. Esango nuke, nire kasuan behintzat hala da, etxeko baserri giro euskaltzale batetik edan genuela. Hortik datorkit niri zaletasuna.
Gogoan al duzu oholtza gainean egon zinen lehen aldia?
Oroitzapen lauso bat daukat. Herriko bertso saio batean, bertsolari handien telonero bezala, bertsoak buruz ikasita bota genituen. Herriko saioak egiten zirenez, haietan izaten genuen lehen aldiz plazan agertzeko aukera. Gero, Eskolarteko Txapelketan ere ibili nintzen.
Eskolarteko txapelketan ibili eta, irabazi ere, irabazi zenuen. Gero plazaz plaza ere ibili zinen. Garai horretan plazan emakume bakarrenetarikoa izango zinen, ezta?
Eskolarteko txapelketaren hasieran bai, baina gero, jada, ez; gazteagoak atzetik etorri ziren. Plazan eskolarteko txapelketarekin batera hasi ginen gu. Eskolarteko txapelketetan, hamahiru urterekin hasi eta 18 urtera bitartean aritu ginen. Eta, bitartean, herrietan antolatzen ziren saioetara joaten ginen. Gure nerabezaroa hori izan zen: asteburutan saioak, eta gero, gazteen txapelketak.
Nola gogoratzen duzu garai hura? Gizonen mundua zen plaza, nola hartu zintuzten zu?
Babestuta, horrek esan nahi dituen gauza guztiekin. Alde batetik, onerako, eroso sentitzen nintzelako lagunarte horretan bertsotan. Belaunaldi zaharragoen aldetik babes handia jaso nuen, harrera ona egin zidaten. Baina babes hitzak badu beste osagai bat, gaur egungo emakume bertsolariek kritikatu izan dutena, paternalismoarena. Orokorrean lagunartean-eta ondo hartua sentitu nintzen, nahiz eta orokorrean kontziente naizen publikoarentzat deigarria zela.
Eta bakardaderik edo ez zenuen sentitzen?
Ez, hori ez. Esan dudan bezala, lagunartean nenbilen eta gustura. Gainera, hara eta hona ibili ginen gure adineko gazteek egiten ez zuten zerbait egiten. Astebururo Euskal Herriko hainbat herri ezagutzeko aukera izan genuen gure zaletasunari esker. Hori nire adineko inork ezin zuen egin. Herritik asko atera ginen horri esker eta horren bitartez.
Oraindik ere, noizbehinka, bertsoren bat edo beste botatzen al duzu?
Bat batean ez. Idatzi, asko idatzi dut, bertso paper sortaren bat ere bai... Inoiz bila etortzen zaizkit mesede eske eta idazten ditut. Baina batez ere, askotan tokatu zait eskerron bertsoak prestatzea, eskeletarako bat edo beste (barreak)...
Bukatzeko azken galdera, nola ikusten duzu gaur egun bertsolaritza mundua?
Interesarekin begiratzen dut. Gauzak asko aldatu dira eta hainbat ikuspuntutatik aztertzeko eta azterketa soziologikoak egiteko ere gaia ematen duen esparrua da. Ikusten dudana da mugimendu bizi bat, txapelketak jende asko mugitzen duela, eta gero hortik, seguru asko, salto bat egongo da plazara. Ez dut hainbeste ezagutzen eta gustura jakingo nuke, txapelketetara aurkezten den hainbeste jendek zer aukera izango duen plazan aritzeko edo bere bertsozaletasuna publikoaren aurrean bizitzeko. Baina hasiera batean, ikusten dudana da zaletasun handiko jendea dagoela.