Lasarte-Oriako Udalak martxorako aurreikusitako programazioa aurkeztu du. Manuel Lekuona kultur etxean egingo diren ekitaldien artean, “eskaintza anitza, kalitatezkoa eta euskararen presentzia nabarmenaren aldeko apustua” azpimarratu zituen Ainara Elicecheak, Kultur zinegotziak, aurkezpenean.

Hasteko, martxoaren 13an, 18.30ean, Korrikaren aurkezpen ekitaldia egingo da, euskara hutsean. Lasterketa herritik igaroko denez, motorrak berotzeko hitzordua izango da. Sarrera gonbidapenarekin izango da.

Hurrengo egunean, martxoaren 14an (19:00), Jon Plazaolak Aa Aita bakarrizketa taularatuko du, aitatasunari buruzko umorezko hausnarketa, euskaraz.

Opera-zikloa eta familia-antzerkia

Martxoaren 18an (19:00), pantailako opera-zikloaren barruan, La Gioconda eskainiko da formatu digitalean. Antolatzaileen arabera, generoaren zaleentzat finkatutako hitzordua bihurtu da zikloa.

Familia osoari zuzenduta, martxoaren 21ean (17:00) Semaforoa umeentzako antzezlana izango da, euskaraz. Martxoko programazioa martxoaren 28an itxiko da (20:00), Artea helduentzako antzerki lanarekin, hau ere euskaraz.

Elicechearen hitzetan, helburua da kultura “topagune irisgarria, anitza eta hurbila” izatea, adin guztietarako proposamenekin eta programazioaren ardatz nagusi gisa euskara izanik.

Otsail amaierako aurrerapenak

Kultura zinegotziak gogorazi zuenez, otsaila amaitu aurretik bi hitzordu esanguratsu izango dira, Korrikari eta gazteei lotuta. Alde batetik otsailaren 26an (19:00) Ikimilikiliklik euskarazko ikuskizuna ikusteko aukera egongo da, Korrikaren programazio bereziaren baitan eta bestetik, otsailaren 28an (17:00 eta 19:00) Goazen emanaldia programatu dute, publiko gazteari zuzendutako euskarazko musika proposamen arrakastatsua.

Ordainpeko emanaldietarako sarrerak eta gonbidapenak kultur etxeko leihatilan eskuratu daitezke (10:00-13:00 eta 17:00-20:00), baita ohiko online kanalen bidez ere.