Bele Lide Hernandoren proiektua da, eta bueltan da bere bigarren diskoarekin. Eskarmentua du Hernandok eszenatokietan. Esplorazio hi-tza erabiliz definitzen du musika mundua Hernandok, eta Liher taldearekin aritu zen rockean. Proiektu berrian, musika afroamerikarra da nagusi; eta, horren barruan, beste hainbat generorekin jolasteko modua aurkitu du.
2024an zure bakarkako lehen diskoa atera zenuen. Bigarren honek finkatze bat suposatzen du zure ibilbidea?
Ez dakit… finkatzeko hainbat gauza behar dira, ez bakarrik norberaren lana… Nik uste dut gizartearen kontu bat dela finkatze hori. Niretzat honek esplorazio bat izaten jarraitzen du, ez naiz gelditzeko gogoa sentitzen dudan leku batera iritsi. Niri jolastea gustatzen zait, eta batez ere jakinda hau ogibide bat izatea oso zaila dela. Horren aurrean, musika jolastoki bat dela esaten dut. Gustatzen zaizkidan generoetan murgiltzen naiz. Aurreko diskoan soul eta R&B izan ziren nagusi, eta orain danceera hurbildu naiz; baina horrek ez du esan nahi honetan geldituko naizenik.
Musika afroamerikarra arakatzen zabiltza, baina estilo asko daude…Musika afroamerikarra araka-tzen zabiltza, baina estilo asko daude…
Nik imajinatzen ditut nazioartean musika afroamerikarra egiten duten beste artista batzuek, adibidez, eta konparaketarik egin gabe, noski (barreak), baina Beyoncé batek, Bruno Mars batek, egingo lituzketela estilo nahasketa horiek ere. Niretzat komuneko zerbait du musika afroamerikarrak, eta hor estilo asko sartzen dira. Niri gehien gustatzen zaizkidan estiloak bluesetik eratorritakoak dira. Musika afroamerikarraren beste esplorazio bat da hau, eta nik uste dut beti joko dudala musika afroamerikarrera.
Deskribatu duzun jolastoki honetan, ausarta izaten ari zara. Proiektu honetan nahi zenuen guztiari egin diozu leku. Zelan bizi da arrisku hori musikan?
Zorionez edo zoritxarrez, ez daukat publiko oso zabala eta fidela. Horrek askatasun handia ematen dit. Proiektuaren atzetik ez dago zer egin behar dudan esaten didan diskoetxerik, ez daukat inongo betebeharrik. Musika maite dut eta musikarekin jolastea gustatzen zait, eta hori egiteko aukera daukat.
Musika maite duzu, baina diskoaren hasieran musika uzteari buruz hitz egiten duen abestia entzun daiteke. Zer gehiago kontatuko digu Belek?
Hainbat gai daude, baina gai nagusia oso zeharkakoa izan den frustrazioa da. Nik pasioz bizi dut musika egitea eta interpretatzea, eta hori niretzat paradisua da, baina gero talka egiten duenean industriarekin eta ogibide bezala dituen gorabeherekin eta frustrazioekin ba malkar-tsua egiten da bidea. 2025ean lanez gainezka egon naiz, Fermin Muguruzarekin egon naiz biran, baina sormen aldetik konfiantza falta handiarekin egon naiz, eta diskoan horri buruz hitz egin dut. Hala ere, lekua egin diot argiari, adibidez, Akuilua abestian.
Generoei buruz hitz egin dugu… Zu eroso sentitzen zara sailkapenekin?
Ni naiz nire kartzelari propioa. Proiektua sortzen dudanean, akotatzeko beharra daukat, jendeari azaltzeko zer den sortu dudana. Ni hasten naiz etiketak jartzen nire buruari. Gero konturatzen naiz niri askatasuna gustatzen zaidala… Nik nahi dut momentuan nahi dudana egin. Noizbait Belerekin okurritzen bazait salsa disko bat egitea, hori egingo dut. Momentuz bi disko atera ditut, sustrai bat dutenak, baina nork daki nola amaituko duen…
Aipatu duzu gustuko duzula Bele zer den azaltzea… Zer da Bele eta zein puntutan dago ‘Muturrez zerura’ diskoarekin?
Bele da nire proiektu pertsonala, baina Beletik ateratzen diren soinuek badute beste pertsona baten eragina: Iñigo Etxarri. Nik sortzen ditudan abestiak dira, baina produktore bezala bera dago eta askatasun handia ematen diot abestiak janzteko. Proiektuarekin hasi nin-tzen maite dudan musika afroamerikarra esploratzeko eta Euskal Herriari hori erakusteko, baina aldi berean nire jolastokia da, eta askatasuna izan nahi dut jolastoki hori nahi dudan lekura mugitzeko.
Proiektu pertsonal honetan, garrantzitsuagoa da musika edo soinua?
Bien arteko konbinazioa da, baina egia esanda, sortzeko momentuan etortzen zaidan lehenengoa gauza melodia da. Horrek abiatzen du abestiaren ideia. Sortzen dut basea, melodia… Eta gero dator letra. Beste batzuetan, kontzeptu batek suspertzen du dena… Nik atentzio handia ematen diot hitzari, saiatzen naiz pisua izan dezaten. Ez dut nahi bakarrik abesti dantzagarriak izatea, baizik eta sakonak ere izatea.
Euskal Herrian ez da gehiegi esploratu estilo hau… Zailtasunik izan duzu?
Egia esan, musika mota honek badu handicap bat. Euskal Herrian rocka egiten hasi zirenean suposa-tzen dut zailtasun hau izango zutela, baina musika hau ez denez esploratu… Euskaraz arrotzak izan ahal dira, eta horren kontra borrokan zaude. Ez duzu lortu behar bakarrik melodian sartzea zuk kontatu nahi duzuna, ni saiatzen naiz ere goxo sartzea maila fonetikoan. Hor lanketa handia egon da.
Eskatu ahalko bazenu, kontzertuetan zer eragin nahiko zenuke?
Niri kontzertuetan dantzan eta aktibo dagoen jendean. Gustatzen zait ere oso adi dagoena, baina mugimenduan dagoen jendeak, abesten, dantzatzen… Niri ere zerbait eragiten dit. Kontzertuetan hori gerta-tzen ari da, beraz, oso pozik nabil.