“Nahi dugun bezalaxe / kantatuko dugu”, aurreratu du Alaia Martinek bere agurrean, eta nahi modura aritu da larunbat honetan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean, bere ibilbideko lehen txapela irabazi arte. Hasi eta buka, bikain aritu da oiartzuarra, nagusitasun handiz, Illunbeko harmailetan bildu diren ia 7.000 bertsozaleren aurrean. 2015ko finaleko argazkia errepikatuz, Martinek Beñat Gaztelumendirekin batera jokatu du buruz burukoa; eta hauen atzetik gelditu dira Oihana Iguaran, 637 punturekin; Ane Labaka, 626 punturekin; Aner Peritz, 617 punturekin; Nerea Elustondo, 590 punturekin; Andoni Rekondo, 578,5 punturekin eta Eneritz Artetxe, 574,5 punturekin. Arantzazu Loidik jantzi dio txapela Alaia Martini. 

Honela eskertu eta agurtu du entzulea Alaia Martinek, bere azken agurrean, txapela buruan zuela: “Bihurtu ditzagun lagunak / bizitzaren tenplu / badakitenak zer noiz nola / eta non galdetu./ Entzuten gaituztenak nahiz ta / pixkat logaletu / ta etxe bihurtzen dutenak / edozein ezleku, / mendeko hitza bilakatu / den hontan mendeku / disolba dezagun eskuina / ta auzoa ezkertu. / Egon gaitezen lagunekin / hauskor eta “inprefektu” / elkarrengandik gertu eta / elkarrentzat gertu”.

Sailkapena

  1. Alaia Martin, 1.099,5 puntu
  2. Beñat Gaztelumendi, 1.054,5
  3. Oihana Iguaran, 637
  4. Ane Labaka, 626
  5. Aner Peritz, Euzkitze, 617
  6. Nerea Elustondo, 590
  7. Andoni Rekondo, 578,5
  8. Eneritz Artetxe, 574,5

Buruz buruko estua

Txapela jantzi aurretik, buruz burukoa jokatu dute Alaia Martinek eta Beñat Gaztelumendik. Azken lehia horretan, 2015eko argazkia errepikatu da, orduko final hartan ere buruz burukora sailkatu baitziren biak. Gaur ere lehia oso parekatua osatu dute finaleko bigarren zati erabakigarrian, eta xehetasun txikiek desorekatu dute balantza, Martinen alde. 

Bigarren ganbarakoan, honakoa zuten bakarka aritzeko gaia: “Gaur egungo datuek diote, herritarrok Euskal Herriarekiko gero eta atxikimendu gutxiago dugula”. Bertso honekin itxi du bere bakarkoakoa: “Ezkortasuna izan da / ezkertiarron kondukta / ta aprobetxatu dute / ta atera diote punta / baina hemen gaude denok / zatika bezain batuta / zergatik ez dugu hartzen / geroaldiko batuta / bidea egiteke dago / non jarri dugu lupa / nora iritsi nahi dugun / nola joan ezkutuka / izan baikor ta eragin / eragin ahal dugu ta / dena dago egiteke / ezer ez dago galduta”. 

Txapeldunarengandik 45,5 puntura geratu da Beñat Gaztelumendi. Añorgarrak saio oso ona osatu du; honetan ere buruz burukora sailkatu da (bosgarren aldiz jarraian) eta hatz mamiekin ukitu duen arren, ihes egin dio aurtengo txapelak. 

93

📸 Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala: irudi onenak Arnaitz Rubio

Maila handiko finala 

Arratsaldeko 17:00ak jo orduko, ikusleek txalo-zaparrada luze eta bero batekin jaso dituzte zortzi finalistak, eta bertsolariek ere lehen ariketetatik piztu dute Donostia Arena. Final final izan arren, maila altua mantendu dute lau ordutik gorako jardunean eta bertsolari guztiek utzi dituzte ale eta bertsoaldi azpimarragarriak.

Saio osoan borondatetsu egin du lana Oihana Iguaranek, bertso bakoitza borrokatuz. Buruz burukotik gertu geratu den Iguaranek behetik gorako finala egin du, ganbarako lan dotore batekin borobilduz.

Ane Labakak ere maila handiko finala osatu du. Bertsoaldirik onenak hamarreko txikian eta ganbarako lanean egin ditu, azken hau indarkeria obstetrikoa gai hartuta, entzuleen gozamenerako. 

Txalogarria izan da lehen aldiz finalean aritu den Aner Peritz Euzkitzeren saioa. Indartsu hasi da eta entzuleek olatu gainean eraman dute, ia-ia, buruz burukoraino. Final honetako irabazle eta errebelazio handienetako bat izan da zarauztarra, zalantza izpirik gabe.

Bere bigarren finalean, une politak utzi ditu Nerea Elustondok. Ez du ariketarik lehertu baina, umorea lagun, zortziko txikian gozatu du gehien.

Bere lehen finala zuen Andoni Rekondok ere eta ez dirudi azkena izango denik. Saioak aurrera egin ahala, akats txiki batzuk egin ditu, baina baita lan aipagarri askoak ere, adibidez, Aner Peritzekin batera osatu duen lehen ofizioa. Nekez ahaztuko du egin duen txapelketa.

Beste horrenbeste esan behar da Eneritz Artetxek egindako lanari buruz ere. Azkoitiarra ez da saio osoan erori eta kolpe ederrak utzi ditu bere estreinako finalean, hamarreko txikian batez ere.

26

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa: Illunbe, jendez lepo finalean! Arnaitz Rubio

Sari banaketa hunkigarria

Finaleko unerik hunkigarrienetakoa Arantzazu Loidik Alaia Martini txapela jantzi dion unea izan da. Loidi aretxabaletarra, 80ko hamarkadan oholtzara igo ziren lehen emakume bertsolarietako bat izan zen eta baita aurten 50 urte bete dituen Almen Euskal Herriko lehen bertso eskolako kide ere. Loidik, hunkituta, bertso eskolak eta irakasleak izan ditu gogoan: “irakasle guztiei / gure aitormena / noraino iritsi den / hasi zenutena”.

Bestalde, Almen bertso eskolako beste kide batek, Patxi Goikoleak eman dio Aner Peritz Euzkitzeri 25 urtez azpiko bertsolari onenaren saria

Alaia Martin txapeldunaren agurra: 

Bihurtu ditzagun lagunak

bizitzaren tenplu

badakitenak zer noiz nola

eta non galdetu

Entzuten gaituztenak nahiz ta

pixkat logaletu

ta etxe bihurtzen dutenak

edozein ezleku,

mendeko hitza bilakatu

den hontan mendeku

disolba dezagun eskuina

ta auzoa ezkertu.

Egon gaitezen lagunekin

hauskor eta “inprefektu”

elkarrengandik gertu eta

elkarrentzat gertu