2016an Durangoko lau gazte Kobanera joan ziren, Siriako iparraldean dagoen Rojava eskualdeko hirira. “Bidaia horretan konturatu ginen kurduak ez ezik, hizkuntza gutxituak edo kultura ezberdinak ere bazirela. Bertan herri, kultura eta erlijio asko daude, eta interesgarria iruditu zitzaigun kultura aniztasun hori, kultura ezberdinen arteko lankidetza hori nola lantzen duten hona ekartzea, kulturari garrantzi handia ematen baitiote. Esan dezakegu bost kultura handi daudela (yazidiak, armeniarrak...) eta herri horietan guztietan hizkuntza ezberdinak erabiltzen dituztela eta administrazioan nola lantzen duten interesagarria iruditzen zitzaigun plazaratzea eta, era berean, kontrapuntu bat egitea Euskal Herrian bi hizkuntza, hiru hizkuntza nola gestionatzen ditugun. Ideia horrekin sortu genuen proiektu hau”, azaldu zuen Jon Bingen Landabidea Suargi Elkarteko kideak.
Abiapuntu honetatik, atzoko egunean Durangoko Azoka, Kurdistango eta Euskal Herriko kulturgileen topalekua bilakatu zen eta egunean zehar hiru ekitaldiz osaturiko egitaraua aurkeztu zen Suargi Elkartearen ekimenez.
Esan beharra dago Durango eta Kobane izan zirela faxismoak bonbardatu zituen lehen eta azken hiriak, eta lotura gogor hori kontuan hartuta, Durango Kobanerekin anaitu zen 2017an. “Senidetze horretatik irteten diren dinamikak bultzatzen edo elikatzen ditugu, eta Durangoko Udalak eta Suargi Elkarteak dugun hitzarmena baliatzen dugu horretarako. Esparru horretan, urtero parte hartzen dugu Durangoko Azokan”, esplikatu zuen Landabideak.
Hasteko, Kurdistan + 100 Etorkizuneko errepublika baten istorioak liburua aurkeztu zuten Ahotsenea literatura gunean. Liburuan Kurdistango hamahiru idazlek parte hartu dute eta, beraz, 13 kontakizunekin osatu dute argitalpena. Kurduek izango al dute inoiz herrialde propiorik? galderari erantzun diote eta 2046. urtean girotuta dago, hain zuzen ere, Mahabadeko Errepublikaren mendeurrenean. Etorkizunari buruzko hausnarketak eta irakurketa ezberdinak egiten dira Meral Simsek eta Jin Swani idazle kurduek aitortu zuten bezala. Izan ere, XX. mendean zehar, eta XXI. mendean oraindik ere, kurduei behin eta berriz traizioa egin, erreprimitu eta oinarrizko eskubideak kendu zaizkie (herritartasunetik hasi eta norberaren hizkuntza hitz egiteko askatasunera arte), urrats bakoitzean beren asmo politikoak zapaldurik ikusiz.
Gai horrekin lotuta, Hizkuntza gutxituetan kultura egiten solasaldia burutu zen Talaia Durangoko museoan. Euskarak eta kurduak ofizialtasunerako dituzten aukera, mehatxu eta traben eztabaida kritikoa nagusitu zen eta Simsek eta Swani idazle kurduez gain, Sevinaz Evdike zuzendari kurduak, Michael McCoughan idazle eta kazetari irlandarrak, Roberto Awanari musikariak eta Joseba Sarrionandia idazleak parte hartu zuten.
EUROPAKO IDAZLEAK
Gune berdinean Europako idazleekin berbetan mahaingurua ere burutu zen. Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Europako hizkuntza gutxituetako eta txikietako literaturak nazioko eta nazioarteko merkatuei arreta gehiago eskaintzeko eta nazioarteko sare iraunkor bat eraikitzeko, Lit-Up (gora literatura) proiektuaren parte da eta hainbat ekimen antolatzen dituzte. “Europar Batasuneko laguntzarekin sortutako proiektua da eta horren bueltan bildu gara Euskal Editoreen Elkartea eta beste zortzi bazkide. Helburua da hizkuntza handien aurrean txikiek ere aukerak izatea eta hori betetzeko hainbat ekintza burutu dira urte hauetan. Hala nola, ikastaroak, adituen tailerrak… Liburu azoka eta jaialdi ezberdinetan ere parte hartu dugu, Tourinen, Belgradon…”, adierazi zuen Ana Urrestarazu Euskal Editoreen Elkarteko kideak.
1984an sorturiko elkarteak, euskaraz argitaratzen duten argitaletxeak biltzen ditu eta euskarazko argitalgintzaren sustapena eta zaintza ditu helburu nagusi. Euskararen erabileraren bilakaera, egoera eta norabideaz hausnartzerakoan, Ana Urrestarazuren hitzetan “egoera zaila da. Hizkuntza handiek beti pisu izugarria daukate, orduan horrelako sareak sortzea oso inportantea da. Oraintxe bertan, Frisia, Eslovenia, Belgrado edo Italiako editoreekin harremanetan egotea oso interesgarria da elkarlana sustatzeko”.
Zentzu horretan, Hartzea ematea DA! gaiaren inguruan aritu ziren, frisieraz, eslovenieraz eta valentzieraz idazten duten hiru idazle ezagunekin. Syds Wiersma, Jedrt Maležič eta Nuria Sendra, hurrenez hurren.
Eguna borobiltzeko, artista kurduen eta euskaldunen arteko musika emanaldi berezia eskaini zen Ahotsenean. Euskal Herriko eta Kurdistango artisten kolaborazioa duela 20 urte baino gehiago hasi zela nabarmentzeko eta urte luzetako elkarlan hau ospatzeko asmoarekin, Durangoko herriak musikari kurduak Euskal Herrira gonbidatu ditu, bertako musikariekin kontzertu bi prestatzeko. Parte hartu zuten, Ingot (Itziar Ituño), Ines Osinaga, Janire Egaña, Jon Maia, Mizgin Tahir, Onur Kepenek, Yado Uzun, Ciwan Issa, Chris O’Shea, Azibar Terreros eta David Espinazo. Suargiko kideak azaldu zuenez, “oso zaila” izan da zenbait musikari Euskal Herrira ekartzea Ekialde Hurbilean dagoen egoera lazgarria medio, baina beste behin ere kulturak irabazi du.