“Gaza non zegoen? Mendebaldea hil zen tokian”. Galdera erretoriko batekin eta horri emandako erantzunarekin koroatu du Joe Sacco (Malta, 1960) artistak bere azken komikiko splash page-etako bat. Orrialde osoa hartzen duen irudian, 900 kiloko bonba batek utzitako zulo eta sarraskiak marraztu ditu. Gatazkaren biktimak, inurri lausoak bailiran, ilara bat eginez, binetan desagertu egiten dira. Horrelako eszena asko, baita krudelagoak ere, marraztu ditu kazeta-komikigintzan aditua den Saccok,“urgentziazko” bere azken obran: Gerra Gazan. Astiberrik euskarara ekarri du Julen Gabiria itzultzaileari esker eta, jada, salgai dago Durangoko Azokan eta Euskal Herriko liburu-dendetan. Astiberrik primiziaz lortu zituen lan honen eskubideak orain dela pare bat hilabete, eta gaztelaniazko bertsioaren aurretik zen ateratzekoa euskarazkoa. Ezin izan da izan, eta iragan ostegunean argitaratu ziren Gabiriak landutako bertsioa eta Reservoir Booksek gaztelaniaz egindako Guerra en gaza obra.

Bata bestearen aurretik kaleratu ez bada ere, biak ala biak, jatorrizko bertsio estatubatuarra baino lehen irakurri ahal izango dira gurean. Atlantikoaren beste aldean, Saccoren orrialdeak The comics journal aldizkarian aleka argitaratu baldin badira ere, 17ra arte War on Gaza ez da bilduma bakarrean kaleratuko, –Fantagraphics-ek aterako du–.

Ez da harritzekoa merkatu estatubatuarrean oraindik ez argitaratu izana, kontuan izanda Sacco oso kritiko ageri dela Joe Bidenen Gobernuaren parte-hartzearekin, Donald Trumpen diskurtsoekin –komikia AEBtako hauteskundeen atarian amaitu zuen Saccok– eta, orokorrean, Mendebaldeko gizarteek sarraskiaren aurrean erakutsi duten tolerantziarekin. Atlantikoaren beste aldetik ez dira entzun Saccok Israelen aurka egin dituen kritika gordinak bezalakorik.

'Gerra Gazan' komikian Joe Saccok garrasi egiten du genozidioaren aurka.

'Gerra Gazan' komikian Joe Saccok garrasi egiten du genozidioaren aurka. N.G.

Horrela pentsatzen du, behintzat, Julen Gabiria idazle eta itzultzaileak. Bizkaitarrak ondo baino hobeto ezagutzen du Saccoren obra, Gerra Gazan ez baita euskarara ekarri duen bere lehen obra. Iaz, Astiberriren mandatuz hura ere, komikigile beraren Palestina itzuli zuen.

“Urgentziazko” itzulpena

Komikia “urgentziazkoa” den bezala, itzulpena ere horrelakoa izan dela kontatu du Gabiriak. Astiberri argitaletxe euskaldunak hainbat urte daramatza bederatzigarren arteko komiki esanguratsuak euskarara itzultzen. Horrela egin zuen Art Spiegelmanen Mausekin eta aurrez aipatutako Palestinarekin. Hugo Pratten Corto Maltese pirataren sagako lehen liburukiaren, Itsaso gaziaren balada bat-en txanda zen aurtengoa. Irene Hurtado de Saratxori egokitu zitzaion obra euskarara ekartzeko lana eta Gabiriari, zuzenketa. Urriaren 30ean, Durangoko Azokarako hilabete eskas geratzen zela, argitaletxetik deitu zioten Gabiriari Gerra gazan lanaren eskubideak lortu zituztela kontatuz eta, ea oraingoan ere, itzulpenaren kargu egingo ote zen galdetuz. “Lau egunetan itzuli nuen, konturatuta egileak berak urgentziazko moduan egin zuela eta, niri ere bazegokidala urgentziazko itzulpena egitea. Halaxe egin nuen eta Astiberrik ere modu horretan maketatu zuen”, kontatu du bizkaitarrak. “Arineketan” egin zen lana, baina “kalitatea” bermatuz, noski. Are gehiago, kontuan izanda Saccoren eskubideak kudeatzen dituen agentziak “behin betiko” onespena eman behar diela beste hizkuntzetan argitaratutako obra guztiei. Argitaletxeak eta Gabiriak, noski, maila eman zuten eta komikia prest egon da jada ospatzen ari den Durangoko Azokarako.

Fanzine tankerako komikia

Ospe handiko autorea bada ere, Joe Saccok komiki underground-ean eraiki du bere ibilbidea. Gerra Gazan lanak ere badu hortik zerbait: 32 orrialde besterik ez ditu, Gazan bizi duten genozidioak autoreari eragindako ezinegonak sortutako “okaden” ondoren marraztutakoak eta idatzitakoak. Ondorioz, zentzu askotan, narrazioa estatubatuarren testuinguruan kokatu behar da, euskal irakurleari, agian, arrotzak edo urrunekoak gerta dakizkion zenbait gako gehituz. Halere, Gabiriak lasaitasun mezu bat bota du, irakurleak aise ulertuko du lana: “Gure ikuspuntua zertxobait zabaltzeko balio digu”. “Fanzinearen” tankera hartzen dio itzultzaileak obrari, eta argi du Saccok erraztasunak eman nahi izan dituela bere mezua zabaltzearren. Horregatik bere salneurri txikia, zortzi euro besterik ez.

Corto Maltese, euskaraz

Astiberri argitaletxeak komikigintza unibertsaleko obra handiak euskarara ekartzeko bere ekinean darrai eta, aurten, Hugo Prattek sortutako Corto Maltese marinelaren lehen abentura kaleratu du, Itsaso gaziaren balada bat, lehen aldiz 1967an Argentinan argitaratutakoa. Kultuzko obratzat hartu izan da Pratten sorkuntza hori, Corto Maltesen sagan guztira 30 liburutik gora direlarik. Bertan, marinel enigmatikoaren abenturak kontatzen dira, iragan mendeko lehen hiru hamarkadetan girotuta. Helduentzako kontakizuna inondik inora.