Abenduaren 22an eta 23an emango dituenekin, lau aldiz utziko du txiki aurten Izarok Donostiako Kursaala. Guztira, 7.000 ikusle baino gehiago bilduko ditu areto horretan urtea amaitu aurretik. Falta diren biak, oso kontzertu bereziak izango direla dio mallabiar donostiartu honek. Izaro Gabonetan diskoa aurkeztuko du; kolorez, adiskidetasunez, ilusioz, misterioz eta maitasunez beteriko lana.

Nondik sortu zitzaizun Gabonetako disko bat argitaratzeko ideia?

Betidanik izan dut Gabonetako zerbait egiteko gogoa baina sekula ez dut ikusi aukera errealik. cerodenero diskoaren bira hain ari da izaten polita eta ona, hain daude taldekideak familia bezala finkatuta, hain gara kontziente gertatzen ari zaigun hau ez dela ohikoa, ba…bizi dugun guztia ospakizun bat bailitzan ari gara. Gabonetako disko bat egiteko beste momentu egokiagorik ez nuela topatuko uste dut, hain zuzen ere, taldekideen maitasun horretatik eraiki dudalako. Oso kontziente gara gauzak, egoerak eta pertsonak ez direla betirako, eta orain bizitzen ari garen momentu magiko hau ospatu, omendu eta grabatuta utzi nahi izan dut. Oso urte politak izaten ari dira.

Etxean Gabonetako diskorik baduzu? Horrelakorik entzuten zenuen?

Bai. Guk Gabonetan musika piloa entzuten genuen: Ella Fitzgeralden Gabonetako bertsioak, Frank Sinatrarenak, Estatu Batuetako zenbait kantarik gabon doinuak kantatuz sortutako bilduma bat... Egia da, swing eta blues musika horretatik asko edan dudala Eguberritan. Aldi berean, gure herrian, Mallabian, etxez etxe joaten ginen oles kantari. Gabonekiko nire hurbilketa musikala bi esperientzia horien uztartzetik dator.

Badirudi azken boladan hainbat musikari hasi zaretela berriro ere gabon kantak konposatzen.

Egia da Estatu Batuetan oso gauza ohikoa dela. Artista bakoitzak bere bide propioa dauka, baina gai konkretu baten inguruan, kasu honetan Gabonak, artista bakoitzak bere irakurketa kaleratzea eta bere herriko usadioei kantatzea, oso kontu interesgarria iruditzen zait. Nik ez nuen orain arte horrelakorik inoiz egin eta oso ariketa polita iruditzen zait.

Zein da zure Gabonetako irakurketa?

Niretzako Gabonak oso kantariak dira. Aldi berean, lana egin behar da soberan dagoen guztia kendu eta mamira heltzeko. Mamia da benetan inporta duena. Gabonak gure bizitza frenetiko honetan pausa bat hartzeko momentua dira, eta horretan gaudela, daukagunari eta garenari buruzko hausnarketa egiteko bide eman behar diguna. Bizitzan gaudela konturatzeko garaiak dira Gabonak. Nire kasuan, adibidez, Europa iparraldeko toki fisikoekin konektatuta nagoela konturatzeko balio izan dit.

Zer zentzutan?

Gauak eguneko orduak hartzen dituenean eta hotz izugarria egiten duenean, nola lortu argitasun pixka bat? Nola lortu goxotasun pixka bat? Nola lortu gau luze horiek argitu eta berotzeko behar diren istorioak? Oso gauza mistikoa da niretzat eta beldur puntu bat ere ematen dit. Gabonek hori guztia iradokitzen didate, hori guztia da Gabonen espirituak ordezkatzen duena niretzako, gauaren hotzak epeltzen duen guztia.

Nahiko disko jostaria ondu duzu eta horren adibide Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin abestu duzun ‘Olentzero’ kantua.

Amets bat izan da, nire bizitzako crossover-a. Argi nuen Olentzeroren inguruko kantu bat idatziko nuela eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin abestu nahi nuela. Pailazo horiek, umetatik, oso maiz ureztatu izan dute nire imajinazioaren lorategia. Orain, heldu naiezenetik eta haiekin batera, beste haur batzuen lorategia ureztatzen ibiltzea amets bat da. Badakit, gainera, ume piloa dabilela Olentzero kantatu eta kantatu, eta izugarri hunkitzen nau.

Lehenago swing-a aipatu duzu, zure ‘Dir Dir’ kanta bide horretatik doa.

Guztiz. Dantzatzeko pentsatua dago eta, baita behar ez diren gehiegizko adornuak gainetik kentzeko ere, umoretik eta auto-parodiatik. Oholtza gainean guk geuk ere disfrutatzeko pentsatuta dago, horregatik da horren jostaria abesti hori.

‘Falta zarenetik’, aldiz, nahiko tristea da; hain zuzen ere, joan direnen eta gabon gehiago ospatu ezin ditzaketen horiei buruz hitz egiten duzulako...

Ospakizun hauen inguruko funtsezko gaitegiari erreparatu nahi nion. Pasa den Gabonetan osaba galdu genuen minbizi batek eramanda. Kantu hau idatzi eta gero konturatu nintzen bazuela lekua disko honetan. Gabonak badira sasoi bat non jende askok gaizki pasatzen duen norbait falta zaielako. Nik, disko honekin lortuko banu norbaitentzat ukendu pixka bat izatea, hortxe nire alea. Behin irakurri nuen dolua ez dela inoiz txikitzen, baizik eta bizitza handitu egiten dela haren inguruan. Nik hori sinistu nahi dut.

Funtsezko gaitegi horretatik, adibidez, bakea ere landu duzu, diskoa ixten duen ‘Urte berri on’ abestian.

Niretzako hausnarketarik ohikoena da, zer daukagunaren inguruan kontzientzia hartzeko geldialdiak egiten ditudanean. Otoi bat ere bada urte berriari, materialismotik kanpo. Zer zentzu dauka materialismoak beste ezer ez badugu? Bizitza erdigunera ekarri nahi izan dut. Abesti hunkigarria da niretzat, munduan zehar sufritzen dutenak, bereziki umeak, kantuaren bitartez elkartzen dituzunean. Ea bakearen aldeko aldarria unibertsoak entzuten duen.

Abenduaren 22an eta 23an Donostian emango dituzun bi kontzertuekin, lau izango dira aurten Kursaalen eskaini dituzunak. Agian, Kursaala txiki geratzen ari zaizu...

(Barre egiten du) Ez dut uste. Harrigarriena zena da, Kursaalen halako etxe moduko bat topatzen dudala. Etxekoa banintz bezala sentitzen naiz bertan. Gutxitan joaten nintzen Kursaalera kontzertuak ikusi eta entzutera, aretoa oso urrun sentitzen nuelako. Baina orain oso-oso gertu sentitzen dut.

Nolakoak izango dira bi kontzertu horiek. Azken diskoa aurkezteaz gain aurreko lanetako abestiek ere izango dute lekurik?

Bai. Gainera, nostalgikoentzat oso polita izango dela iruditzen zait, aspaldi jo ez ditugun kantak ekarriko ditugulako sortu nahi dugun Gabon-girora. Koruak abestera hiru pertsona etorriko dira, mahai bat jarriko dugu eta bazkal osteko giro hori sortu nahi dugu. Orain arte egin dugunarekin konparatuta, oso ezberdina izango da. Bete-betan ospatzeko kontzertua izango da.

Eguberriez ari garela, zer eskatuko dio Izarok Olentzerori?

Osasuna, bereziki, eta orekatu dezala mundua.