Errenterian jokatu zen atzo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako saio, eta Beñat Gaztelumendik lortu zuen finalaurrekoetarako zuzeneko txartela, 493 puntu eskuratuta lehen postuan sailkatu ondoren.

Bertsolariak dotore aritu ziren Lekuona Fabrikan 17.00etan hasita. Irabazlearekin batera, Aitor Salegi, Beñat Iguaran, Iñigo Gorostarzu, Oihana Aran eta Beñat Gaztelumendi Arandia aritu ziren, eta gai-jartzaile lanean Aizpea Garmendia.

Beraz, asteburu honetan txapelketako bigarren faseari ekin ondoren, bi bertsolarik lortu dute finalaurrekoetarako txartela, larunbatean Eibarko Coliseo antzokian Alaia Martin oiartzuarra nagusitu baitzen 531,5 puntu pilatuta.

Eibar eta Errenteriaren ondoren, hurrengo hitzorduak Azkoitian (26) eta Irunen (27) izango dira datorren asteburuan, eta azkena Tolosan azaroaren 3an.

Ondoren finalerdiak jokatuko dira, Oiartzunen azaroaren 17an, Zarautzen 24an eta Arrasaten abenduaren 1ean; final nagusia berriz, abenduaren 14an Illunben.