Unai Mendizabalek (Zizurkil, 1992) irabazi zuen atzo Gipuzkoako bertsolari txapelketako final-laurdenetako hirugarren kanporaketa, Azkoitiko Baztartxo Antzokian jokatutako saioan. Berak adina puntu (485,5) lortu zituen Asier Azpirozi nagusitu zitzaion, Ane Labakak 477,5 jaso zituen, Eli Pagolak 470,5, Oier Etxeberriak 468 eta Maialen Akizuk 414.

Emaitza horrekin, azaroaren 24an Zarautzen jokatuko den finalaurrekorako zuzeneko txartela lortu zuen Mendizabalek.

Gaiak jartzen Haritz Alberdi aritu zen, eta epaileak Amaia Otxotorena, Karlos Ibarguren, Maite Sukia, Oihana Aranguren eta Zigor Leunda izan ziren.

Irunen gaur

Gaur jokatuko da final-laurdenetako hurrengo kanporaketa Irunen, azkena izango da, gainera. Lehian jardungo duten bertsolariak honako hauek izango dira: Amaia Iturriotz, Aner Peritz, Eneritz Artetxe, Eñaut Martikorena, Iñaki Apalategi eta Oihana Iguaran izango dira. Saioa Interneteko bertsoa.eus atarian ikusteko aukera izango da, Ficobako aretoa ohi baino txikiagoa delako. Bertan zuzenean ikusteko sarrerak agortuta daude.